Elgetako EAJ: "EH Bilduri erabakiak hartzeko ausardia falta zaio"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 16a, 13:03

Elgetako udalbatzako hiru ordezkari jeltzaleak: Josu Leturia, Iker Laka eta Mikel Larrea.

Elgetako jeltzaleek agintaldi erdiko balantze "gazi-gozoa" egiten dute. Azaldu dute oposiziotik "lidergo partekatua eta akordioak" eskaini dituztela, baina EH Bilduri "erabakiak hartzeko ausardia" falta zaiola. Iritzi diote EAJ "erabakigarria" izaten ari dela "Elgetaren aurrerabidea bermatzeko". Elkarlanerako prest jarraitzen dutela azpimarratu dute.

Elgetako EAJk agintaldi erdiko balorazioa egin du eta balorazio "gazi-gozoa" dela adierazi dute. Onartzen dute Udal Gobernuak "asmo on asko" dituela, baina beste gauza bat dela horiei "bide emateko gaitasuna erakustea". EH Bilduren kudeaketa "geldoa" dela azaldu dute eta "ikuspegi estrategiko falta" egozten diote.

Gehiengo osoarekin "eroso"

Elgetako jeltzaleen iritziz EH Bilduren Udal Gobernua gero eta erosoago dago gehiengo osoan, eta pixkanaka-pixkanaka atzean uzten ari da agintaldi hasieran erakutsitako "ausardia eta jarrera kolaboratiboa".

Iker Laka bozeramaileak esan du: "Erabakiak hartzea asko kostatzen zaie, kudeaketa motela da eta ez dira arriskatzera ausartzen. Oposizioarekin partekatzen duten informazioa nabarmen murriztu da azken urtean. Berdina gertatzen da gainerako erakundeekiko koordinazioa eta hori funtsezkoa da hainbat proiektu aurrera ateratzeko". Hala, Lakak erabakigarritzat jotzen du oposizioaren lana "EH Bilduren geldierarako joera saihesteko. Ezin dugu onartu Elgeta etorkizuneko bide-orri barik geratzea eta, horregatik, orain egiten dugunaren eta nahi dugun etorkizunaren arteko koherentzia egoteko saiakeran gabiltza".

"Aldebakartasunez" ari da Udal Gobernua

Udal Gobernua aldebakartasunez ari dela gehitu dute jeltzaleek eta hainbat adibide eman dituzte:

  • Agintaldi-akordiorako eskaintza baztertzea, "nahiz eta EAJtik 40 neurriko eta 6 orrialdeko proposamena aurkeztu".
  • Etxebizitza-politika eza. Etxe hutsak merkaturatzea lortu ez duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekargua bere horretan mantendu eta, aldi berean, Torrealdean etxebizitza garatzeari uko egitea.
  • 2025eko udal aurrekontua eskolako jangela eraldatzeko aurreikusitako 300.000 euroko inbertsioa ez gauzatzea.
  • Udaletxearen eraberritzeari uko egitea.
  • Herriko kaleen eta eraikin publikoen irisgarritasun diagnostikoa eguneratzeko jeltzaleen proposamena kontuan ez hartzea.
  • Kiroldegia handitzeko proiektuari hamaika buelta ematea.
  • Pagatzako industrialdeari Patxi Basauri izena jartzeari uko egitea.
  • Umeentzako ur-jolasen gunea egiteari uko egitea.
  • Udal batzordeen berrantolaketari uko egitea.

Bete gabeko akordioak

Jeltzaleek salatzen dute, bestalde, hainbat direla oposizioarekin adostu eta EH Bilduk oraindik gauzatu ez dituen proiektuak:

  • Espazioen erabilera eta jarduerak arautzeko ordenantza onartzea.
  • Eguneko zentroa Amelinen Etxera lekualdatzeko aurreproiektua idaztea.
  • Ibilgailuen zergan motor hibrido eta elektrikoentzako hobari-tarte ezberdinak garatzea.
  • Herriko ekonomia jarduerari buruzko azterketa sozio-ekonomikoa egitea.

Jeltzaleen jarrera "eraikitzailea"

EAJk nabarmentzen du jarrera eraikitzailea izan dutela bi urteotan eta lidergoa erakutsiz proposamenak mahai-gaineratu dituztela. "Hasieratik izan dugu jarrera eraikitzailea eta proaktiboa: elkarrizketa sustatu dugu, akordioak lortu eta erakundeen arteko zubi-lanak egin ditugu", azpimarratu dute.

Hauteskunde-programako hamar konpromisoak, bost ardatzak eta hiru lehentasunak lantzen jarraitu dutela ziurtatu dute. Helburua argia dela diote: "Elgetak etorkizuneko bide-orria izan dezala eta proiektu estrategikorik gabe gera ez dadila".

Era berean, erakunde arteko lankidetza indartzeko lan egin dutela nabarmendu dute: "Udaletik eta gainerako erakundeekin lankidetzan ari gara, Elgeta atzean gera ez dadin, konfrontazioa eta taktizismoa alde batera lagata".

Jeltzaleen ekimenez 

Agintaldi erdiko balorazioan bi urteotan egindako hainbat lorpen ere nabarmendu dituzte jeltzaleek:

  • Familia ugarientzako hobariak ibilgailuen zergan.
  • Industria enpresa berrientzat hobariak, eta ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu profesionalen establezimenduak irekitzeagatik tasa ezabatzea.
  • Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzeko obra-lizentzian % 50eko hobaria.

Bete diren edo aurrera doazen neurrien artean, berriz, nabarmendu dituzte:

  • Etxebizitzaren egoerari buruzko azterlana.
  • Mediku-kontsultategiko kanpoaldean bankua jartzea.
  • Liburutegi aurreko semaforoa moldatzea, liburutegiko eraikinaren fatxadaren ikuspegia tapa ez dezan.
  • Hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eta kaleak garbi mantentzeko kontzientziazio-kanpaina.
  • Etorkizuneko kiroldegiaren espazio eta beharrak definitzeko prozesu parte-hartzailea.

Eskua luzatzeko prest

Jeltzaleek jakinarazi dute bat egiten dutela EH Bildurekin zenbait puntutan eta horiek aurrera eramateko eskua luzatzeko prest daudela. Horien artean dira liburutegiko fatxadaren zaharberritzea, landa lurrak digitalizatzeko proiektuan aurrerapauso irmoak ematea, herriko enpresei ikuskaritza fiskala egitea agintaldia amaitu baino lehen,  Elgetako ur-zikinak Bergarako Mekolaldeko kolektorera bideratzeko eta Sesto erreka leheneratzeko eskaera egitea URA agentziari eta garraio publikoa hobetzeko beharra nabarmentzea.

"Oraindik garaiz gabiltza datozen bi urteetan etorkizuneko oinarriak ezartzeko, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuan jauzi bat emateko. Premiazkoa da EH Bilduk lehentasunak ezarri eta erabakiak hartzea. Gobernu-taldeari eskatzen diogu berriro ere elkarlanerako eskua luza dezala, ausardiaz, proiektu estrategiko batzuen baitako adostasuna lantzeko", adierazi dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak