Araba aldera egingo dute irteera uztailean, Opakua ingurura. "Asmoa zen Ispaster-Ea egitea, baina, ibilbidea ikusita, aldatzea erabaki dugu. Opakua gainera joango gara eta handik, aldapa handirik gabe –200 metroko desnibela besterik ez– hamabi bat kilometroko ibilalditxoa egingo dugu. Txumartegi eta Txumarregi tontorretatik pasako gara lehendabizi, Arabako lautadara eta Aizkorri aldera begira. Ondoren, pago eta harri forma bitxiz beteriko parajeetan ibiliko gara. Arnoko labirintoan harrizko arku ezagunetik sartuta Lazkuetara igoko dugu, eta gero, Katarriko labirintotik irten. Hortik Opakuara bueltatuko gara ibilaldia amaitzeko", azaldu dute Kantsatzeke mendi taldetik.
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea zabalik da hilaren 17ra arte kantsatzeke@gmail.com zein 690 74 00 56 telefono zenbakian (Whatsapp). Taldea 08:00etan abiatuko da herriko plazatik eta prezioa da 10 euro. Adin txikikoek parte hartzeko baldintza da guraso edo nagusi baten ardurapean izatea.