Elgetako udaleku zerbitzuak 103 ume hartuko ditu aurten

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko eka. 27a, 09:00

Neska-mutiko taldea udalekuetan, astelehenean.

Martxan dira udaleku irekiak. Udalak ematen du zerbitzua eta aurten zortzi hezitzaile kontratatu ditu osatu diren lau taldeak dinamizatzeko. Barruko zein aire zabaletako askotariko ekintzak egingo dituzte eta gai nagusia umeek aukeratu dute; 'janaria' da. 

Astelehenean hasi ziren udalekuak eta aurkezpen lanen ostean lehen egitekoa izan zen udalekuak ondo igarotzeko denek errespetatu beharreko arauak adostea. Pozik ziren gazteak. Eskolako ikasturte amaitu ostean, udalekuak aukera ona dira lagunekin elkartu eta askotariko aisialdi ekintzak egiteko.

Dinamika urterokoa izango da. Udalak bost astez emango du zerbitzua; ekainaren 23tik uztailaren 24ra, astelehenetik barikura 09:00etatik 13:00etara. Gainera, 14:00ak arteko zaintza zerbitzua aukera izango da. 

Eskolan elkartzen dira Haur Hezkuntzako adinean dauden umeak eta ludotekan Lehen Hezkuntzakoak eta gorakoak.

Lau talde bina hezitzailerekin 

Asko dira zerbitzua erabiltzen duten familiak eta aurten 103 ume pasako dira bertatik. Lau taldetan banatuta zortzi hezitzailek dinamizatuko dituzte ekintzak. Nerea Villa da koordinatzailea eta June Moralesek, Leire Belamendiak, Malena Di Bernardok, Uxue Larreak, Sara Ugarteburuk, Paula Palaciosek eta Ander Sarasuak osatzen dute lantaldea. Noa Migura praktiketan jardungo da.

Umeen proposamenak

Azken edizioetan moduan, parte hartze prozesu bat egin da umeen proposamenak jaso eta kontuan hartzeko. Hala, udalekuen gai nagusia aurten janaria da. Proposatutako ekintzen artean dira, berriz,  irteera Elorrioko igerilekuetara –uztailaren 11n–, gaubela –uztailaren 17an–, eta azken eguneko bits festa.

Bestelakoak ere izango dira. Hala nola, sukaldaritza saioak, ur jolasak, ur putzuak, irteerak herriko espazioetara, eskulanak, magia saioa, arku-tiraketa...

Udalak hainbat balio sustatu nahi ditu udalekuekin: aniztasuna, berdintasuna, euskara, Elgetaren ezagutza, herriarekiko atxikimendua, naturaren zaintza, bizimodu aktiboa eta sormena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak