Bittor Gallastegi: "Elgetan garrantzi handia ematen diogu tripakien pikante puntuari"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko eka. 20a, 09:00

Haizea tabernako Bittor Gallastegi txapelarekin Uxue Unzetabarrenetxea zerbitzaria alboan duela.

Aspalditik dute izena Haizea tabernako tripakiek, eta zapatuan saria jaso zuten. Debagoieneko I. Tripaki Lehiaketako txapela jantzi du Bittor Gallastegik. Sekreturik ez dagoela dio: irakasle onak, betiko errezetari eustea eta genero ona erabiltzea.

Betidanik egon dira tripakiak Haizea tabernan eta gainera izena dute.

Bizi guztian egon dira tripakiak Haizea tabernan eta jendeak esaten du onak egoten direla. Ez dugu sekula gure tripakien propagandarik egin, baina jendeak badaki egiten ditugula eta onak daudela zabaldu da ahoz aho. Bergara, Eibar, Elorrio eta inguruko beste herri batzuetatik ere etortzen dira gurera tripakiak jatera.

Nola animatu zinen Debagoieneko Tripaki Txapelketan parte hartzera?

Bezeroek eta ingurukoek beti esaten ziguten parte hartu behar genuela horrelako batean, baina aurreko urteetan harategiendako txapelketa egin izan da eta gu ezin ginen aurkeztu. Aurten egin dute jatetxe eta tabernendako lehiaketa lehenengo aldiz. Justu-justu izan nuen horren berri, egia esan. Uste dut bateren batek bidali zidala lehiaketaren berri. Jendeak, orduan, aurkezteko esan eta esan ibili zen eta izen ematea erabaki nuen. Formatua, gainera, erraza zen. Betiko moduan prestatu genituen tripakiak gure sukaldean eta bertara etorri ziren bila Arrasatera eroan eta epaimahaiak balora ditzan. Ez zen oso konplikatua izan.

Noiz ikasi zenuen zuk tripakiak egiten, Bittor?

Bizi guztian prestatu dira tripakiak Haizea tabernan. 27 urte dira guk hartu genuela eta aurretik ere prestatzen ziren. Angeles Bolinaga eta Felix eta Samuel Gorrotxategi egon ziren tabernan gure aurretik eta haiek ere tripaki berdinekin lan egiten zuten. Haiek lagatako bidetik jarraitu genuen guk, beraien martxan berdin berdinetik. Beraz, haiei ere eskerrik asko.

Martxa berdina jarraitu zenutela diozu, zertan?

Genero berdina erabiltzen dugu eta egiteko modua ere berdin berdina da. Jendeak gustuko izan ditu beti Haizeako tripakiak eta zertarako aldatu ba.

Ez da beti erraza izaten tabernetan tripakiak topatzea.

Hori horrela da. Guk badauzkagu tripakiak, jendeak badaki eta etorri egiten da. Uste dut faktore garrantzitsua dela hori. Egin ahala saltzen badira errotazioa egoten da eta tripakiak mantendu egiten dira.

Nork eskatzen ditu tripakiak: jende gazteak, nagusiak…?

Esango nuke kanpotik etortzen den jendea nagusia dela orokorrean. Elgetan, aldiz, jende askok eskatzen ditu tripakiak eta adin guztietakoa. Esango nuke Elgetako gazteak segituan hasten direla tripakiekin. Kuriosoa da, baina ikusten ditut Elgetako gazte asko tripakiak jaten.

Eta zein ordutan jaten dituzte tripakiak elgetarrek? Hamarretakoa egiteko nagusiki?

[Barre] Nik esango nuke ordu denetan jaten direla tripakiak Elgetan. Sasoi batean hamarretakoa egiteko izaten ziren, eta, batez ere, zapatuetan edo domeketan. Gaur egun astean zehar ere jendeak jaten ditu tripaki-pintxoak eta bada jendea hamarretakoa egitera ere etortzen dena. Bariku edo zapatuetako afari-pasan ere eskatzen dituzte tripakiak elgetarrek. Esaterako, oso ohikoa da ogitartekoa eskatu aurretik denen artean jateko tripaki platertxoa eskatzea. Eta azkenaldian nahiko bogan dagoena da jendeak eroateko eskatzea: etxera eramateko, elkartean jateko, afari-merienda egiteko… askotan. Enkarguak izaten ditugu.

Beti egoten da kazuela bat tripaki Haizea tabernako sukaldean.

Egunero-egunero. Asteburuan gehiago egiten dira, baina aste barruan ere bai. Egunero.

Zenbat kilo tripaki prestatzen dituzu?

Esango nuke astean 25 bat kilo tripaki prestatzen ditugula. Elgeta baterako bada zerbait.

Tripaki onak egiteko zer behar da?

Lehenengo eta behin genero onarekin egitea, eta gero egiten dituzun bitartean bertan egotea. Behin eginda berdin dio, baina egin bitartean zaindu egin behar da. Eta nire ustez oso garrantzitsua da baita ere errotazio edukitzea; egin ahala gastatzen joaten badira beti dira egin berriak edo puntuan daudenak. Pixka bat atzera gelditzen badira sikatu edo galdu egiten dira. Haizea tabernan errotazioa handia izaten da.

Egosketa-puntua, saltsaren sendoera, gatza… Horrelakorik ez?

Bai noski, eta Elgetan jendeak garrantzi handia ematen dio pikantearen puntuari. Ez da egon behar ez faltan ez soberan. Esango nuke, puntu hori bai daukagula ondo harrapatuta.

Horrelako sariak irabazi izana sumatzen da tabernako eguneroko martxan?

Zapatuan irabazi genuen txapela eta domekan ohikoa baino tripaki gehiago saldu genituela esango nuke. Jendeak jakin zuen sariarena eta etorri egin zen tripakiak jatea. Betiko jendea egia esan, baina propio etorri ziren saritutako tripakiak jatera. Kuriosoa da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak