'Geuria erabili zeinke' kanpaina martxan da Elgetan ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko eka. 16a, 09:30

Kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan ikusgai dagoen pegatina identifikatzailea.

Herriko hamaika establezimenduk egin dute bat ekimenarekin, eta ipini dituzte pegatina identifikatzaileak.

Kanpainaren helburu nagusia da umeei mugikorra erabiltzeko beharra murriztea eta kanpainari esker herriko hainbat saltoki eta tabernako telefonoak doan erabiltzeko aukera izango dute behar edo larrialdi egoeran dauden gaztetxoek aurrerantzean. Herri askotan egin den eran, Altxa Burua taldearen ekimena da Elgetan ere. Hauek dira kanpainarekin bat egin duten herriko establezimenduak: Goikoetxea harategia, Elkoro farmazia, Ilea ile-apaindegia, Ugari denda, Udala, liburutegia, eta Bola Toki, Haizea, Janela, Lola zein Maialde tabernak. Pegatina identifikatzaile bana dute ipinita. LH1etik gorako ikasleen eta haien familien artean eman dute kanpainaren berri. 

Gurasoen arteko paktu proposamenak

Gurasoen arteko paktu proposamenen lanketan ere badihardute Elgetako Altxa Burua taldean. Duela bi ikasturte hasi ziren umeei smartphoneak emateko adina atzeratzeko konpromisoa adostu aldera. Aurten, SmartWatchen inguruko paktuak ere proposatu dituzte. "Ideia da smartphoneen eta smartwatchen emate-adina atzeratzea, eta momentu hori heltzen den bitartean guraso nahiz gaztetxoen heziketa sustatzea informazioa, kontzientziazioa eta erritmoen errespetua oinarri hartuta. Helburu nagusia da erabilera kontziente eta arduratsua lortzea", azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak