Atzoko hasiera koloretsuaren ostean, gaur izango dute egun nagusia Beheko kaleko jaietan

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko eka. 13a, 09:00

Holi festa jaien lehen egunean, atzo.

Atzo bota zuten txupina eta gaur izango dute jarraipena jaiek. 40 gaztetxok eman dute izena dantza koreografien Dantzashow-rako. Auzo-afarirako, berriz, ehun lagunetik gora espero dituzte antolatzaileek. Gauargi taldeak egingo du erromeria.

Beheko kaleko jai batzordeak bi eguneko egitaraua prestatu du aurten ere eta atzoko hasieraren ostean, gaurko iragarri dituzte ekitaldi jendetsuenak.

Bizikleta lasterketa 16:30ean hasiko da. "Ibilbidea urterokoa izango da. Txikienek bi buelta eman beharko dizkiote zirkuituari, eta amaitzeko Berraondokorako aldapa igo beharko dute. Nagusienek –DBH 1-DBH 6– hiruzpalau bueltan eman beharko dituzte helmugara igo aurretik. Kaskoa ezinbestekoa izango da", esan du jai batzordeko Oxel Erostarbek. Gaineratu du seme-alaben ardura gurasoena dela. 

Sari banaketa, entzierroa eta buruhandiak etorriko dira gero, eta 18:30ean hasiko da Amaia DJ saioa. Aspaldiko ezaguna da Amaia Txintxurreta jaiotan eta aurten Umberto Esnaola taldekidearekin izango da Elgetan. "Betiko moduan elgetarrak dantzan eta kantuan jartzeko moduko errepertorioa prestatu dugu. Abesti berriak ere izango ditugu; hala nola, Bulegoren kantu bat edo euskal kantuekin egindako pare bat nahasketa berri. Koreografia dutenak ere izango dira", esan du Txintxurretak. 

40 gaztetxo koreografietarako

Gazteen koreografiekin egindako DantzaShowa 19:00etan hasiko da. "40 lagunek eman dute izena. Bost talde dira. Abestuko dituzte Beste behin (Bengo), Oroitzen (Sukena), Kantauri (Sune), Ongi etorri (Dupla) eta Gure bihotzaren taupadak (Bulego).

Igel-toka txapelketan (19:30) nahi duenak hartuko du parte eta barraskilo-lasterketan 16 urtetik gorakoek. Barraskilo bakarra onartuko da partaideko. Eguaztenean hiru lagun zeuden izena emanda.

Jaietako zapia jantzi eta topa egingo dute 20:00etan, eta auzo-afaria eta Gauargi taldearen erromeria helduko dira gero. "Umberto eta biok arituko gara aurten", azaldu du Amaia Txinturretak. "Oso oso gustura joaten gara Beheko kaleko jaietara. Hasi zirenetik joaten gara eta herritarrek oso ondo hartzen eta zaintzen gaituzte urtero. Guztiekin batera afaltzen dugu auzo-afarian. Gainera, oso esker oneko publikoa da. Gustuko dute kantuan eta dantzan egitea eta aurten ere ilusio handiz gaude joateko". 

Ia 8.000 euroko aurrekontua

Jaietako zapiak 3 eurotan egongo dira salgai. "Saski eder baten zozketa ere egingo dugu. Eskertzen da jendeak txartelak erostean egiten duen ahalegina; izan ere, hori da jaiak finantzatzeko diru-sarrera nagusia. Iaz, ia 8.000 euroko aurekontua izan genuen. Aurten ere, antzera ibiliko gara", azaldu dute jai batzordetik.

Goiko kalean ere jaiak antolatzekoak direla-eta zera esan dute beheko kaleko jai batzordetik: "Urtero gonbidatzen ditugu afaltzera herrian auzoko jaiak antolatzen dituztenak. Aurten, Goiko kalekoak ere gonbidatu ditugu. Gonbidapenean esan diegun moduan, afaritarako elkartuta gura duguna da auzoko jaiak antolatzen ari garenon artean harremana sendotzea".

Bits festa, atzo.

 

Unai Cantabranaren kontzertua, atzo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak