Zein da ekimenaren helburu nagusia?
Elgetan badago asmoa sendabelarrekin ortuak edo baratzeak jartzeko eta saio hauek dira lehen gerturatze bat egiteko. Helburua ez da aditu egitea, baizik eta jakin-mina sustatzea eta inguruan dauden landareenganako eta sendabelarrenganako interesa piztea. Lehen kontaktu bat izango da.
Martitzenean izan zinen Elgetan. Begiratuko zenuen non zer dagoen?
Bai, udal liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletarekin nago kontaktuan hasieratik eta martitzenean izan ginen ikusten nora egingo ditugun aurreikusita dauden irteerak. Lehenengoa, martitzenekoa, umeekin egingo dugu eta herrian bertan egingo dugu ibilaldi bat. Eskola inguruan badaude sendabelarrak eta beste zenbait lekutan ere bai. Irteeran bueltatxo bat emango dugu landareak identifikatzeko eta haiekin zer egin daitekeen azaltzeko.
Beste bi saioak helduekin egingo ditugu. Lehenengoa, hilaren 18koa, liburutegian egingo dugu eta bestean, hilaren 24an, irteera txiki bat egingo dugu. Kasu honetan Asentziotik Intxortarako bidea hartuko dugu. Inguru horretan badaude sendabelarrak eta haiek ikustera eta identifikatzera joango gara.
Eta ze sendabelar daude une honetan Elgetan?
Uda sasoi honetan asko egoten dira. Elgetan, esaterako, edozein lekutan dago plantaina. Bestelakoetan, luisa-belarra, mendafina, sorgin-belarra, intsusa, pasmo-belarra, berbena, lapa-belarra... ikusi nituen. Herriko hormetan ere begira ibili ginen eta horma-belarra badago. Landare pila dago, egia esan. Badago nahikoa mota eta kantitate.
Umeekin zein da asmoa: sendabelarrak ezagutzen ikastea?
Sendabelarrak identifikatzen ikastea baino interesgarriagoa iruditzen zait umeek jakitea badaudela eskura ditugun sendabelar asko eta haiek zein erabilpen duten. Hau da, askok propietate terapeutikoak dituztela, beste batzuk jangarriak direla… eta abar.
Gazteekin eta helduekin helburua berdina da?
Lehenengo saioa, hilaren 18koa, liburutegian egingo dugu eta izango da apur bat teorikoagoa. Izango da argazki proiekzio bidez ikustea gure ingurunean eta gure kliman zeintzuk diren sendabelar ohikoenak edo ugarienak. Ze proprietate dituzten, zertarako erabil daitezkeen… Halakoak aipatuko dugu. Hau da, sendabelarrak naturan ikusi aurretik egingo dugun prestaketa moduko bat izango da. Askotan gertatzen da, gainera, parte-hartzaileen artean ere egoten direla sendabelar erabiltzaileak eta jakintza horiek partekatzea beti izaten da interesgarria.
Hilaren 24ko saioan irteera bat egingo dugu. Intxorta aldera egingo dugu.
Bueltan dator sendabelarren gaineko interesa zure ustez?
Esango nuke baietz. Urte luzez transmisio galdu egin da eta orain bada jendea interesa agertzen duena. Denok entzun dugu zerbait sendabelarren inguruan –gehienetan familiako amengandik edo amamengandik–, baina esango nuke ezagutza handia galdu dela. Gehienetan modernitatearen izenean. Batzuetan antzinako kontutzat hartu ditugulako eta beste batzuetan ezagutza zutenek pentsatu dutelako gauzak aldatzen ari zirela eta kontu zaharrak zirela.
Ni ez naiz honetan aditua, baina izan dut interesa eta asko gustatzen zaidanez gauzak transformatzea ba joan naiz gauzak galdetzen eta gaur egun sendabelarretan oinarritutako kosmetika produktuak egiten ditut. Ikasten joan naiz eta gustatzen zait lortutako jakintza hori besteekin konpartitzea. Hau da, besteengan interesa sortzea.
Ikastaro asko eskatzen dizkizute?
Lehen baino gehiago, eta konturatzen naiz saio bat baino gehiago egin behar izaten ditudala hasiera batean aurreikusitakoa baino jende gehiagok ematen duelako izena. Esango nuke gero eta jakin-min handiagoa dagoela.
Emakumeak dira nagusi?
Bai, gehienetan emakumeak etortzen dira saioetara, baina esan behar dut, baita ere, azken urteetan interesatu naizela bereziki emakumeen desoreka hormonalekin lotutako gaietan: haurdunaldia, menopausia, hilerokoarekin lotutako minak… Hau da, fito-ginekologiarekin lotutako gaiak. Tailer espezifikoak egin ohi ditut.
Elgetako saioak emakumeendako dira?
Ez, irekiak dira. Denendako dira. Ez da espezifikoa izango eta lehen hurbilketa bat izango da.
Sendabelar asko naturan aurkitzen dira baina etxean ere landatu daitezke, loreontzietan esaterako.
Bai, noski. Gu ere joan gara landatzen. Baserria dugu eta baratzean landatu genituen hasieran, baina Anboto azpian gaude, hezetasun handia dago eta lurra buztintsua da. Hala, zenbait landarek zailtasunak izan dituzte; esate baterako, ezkaiak. Orain loreontzietan ere baditugu.
Noiz egingo dituzue saioak?
Umeendako saioa martitzenean izango da, 16:45ean hasita. Gazte eta helduendakoak, berriz, hilaren 18an eta 24an, 18:00etan.