Elgetako udalbatzak maiatzean egindako osoko bilkura landutako gaien artean izan zen 2024ko udal aurrekontuaren likidazioa. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak eman zuen itxiera-kontuen berri, eta esan zuen zor bizia %19,46 dela orain –iaz %21,61 zen–, eta proiektuen exekuzio-maila %93 izan dela –iaz %37 izan zen–.
Jakinarazi zuen, baita ere, aurrekontuan aurreikusitakoa baino gehiago gastatu duela Udalak 2024an. Foru Funtsetik aurten etorritako aparteko diruak gastu hori zuzentzen du, neurri batean, baina Udalak ez du Foru Aldundiak markatzen duen Gastu Araua bete, eta, legeak horrela eskatuta, bi urteko plan ekonomiko-finantzarioa egin eta bete beharko du. Plana eginda dago.
EAJko ordezkarien abstentzioarekin egin du aurrera likidazioaren onarpenak. Exekuzio-maila handia baloratzen du oposizioak, baina ez du begi onez ikusten gerakina berehala eta sor daitezkeen gastuak estaltzeko Udalak duen joera. "Berriz ez gertatzeko, ikasi egin beharko genuke gastua nola kontrolatu", esan zuen Mikel Larreak. "Normala da dirua dagoenean gastatzea, baina pentsatu behar dugu baita ere aurrerapen pixka bat egin beharko genukeela".
Unzetabarrenetxeak azaldu zuen agintaldi hasieran jasotako proiektuak 2024an amaitu izanaren ondorio dela gastua handitu izana: "Agintaldia hasi genuenean proiektu jakin batzuk martxan zeuden, hala nola Arantzetara ura eramatea, San Roke kalean urak bideratzeko lanak... Hainbat kontu tarteko, proiektu haiek ez ziren 2023an gauzatu, eta 2024ko ekitaldira pasa behar izan ziren".
Kreditu-aldaketa
Osoko bilkurako beste puntuetako bat izan zen eskolako jangela eraldatzeko proiektuarentzat aurtengo aurrekontuan aurreikusitako 300.000 euroko partidarekin zer egin erabakitzea. Proiektu hori ezingo da 2025ean gauzatu eta Udalak kreditu-aldaketa espedientea aurkeztu zuen. Hain zuzen ere, 100.000 euroko kreditu-aldaketa.
Laugarren eta bosgarren poligonoen digitalizaziorako 55.000 euro izango dira, herrian hutsik dauden etxebizitzen gaineko ikerketa egiteko 15.000 euro –EAJrekin adostutako puntua–, udal-lanpostuen balorazioa egiteko 15.000 euro, herriko energia-plana egiteko 8.000 euro, apurtu den kiroldegiko galdara berritzeko 6.800 euro eta Tantai baso kooperatiba elkarteko bazkide-laguntzaile kuota ordaintzeko 1.000 euro.
"Koherentzia mantenduz, abstenitzera goaz", esan zuen Larreak. "Kreditu-aldaketak ez ditu aurrekontuaren totalak ukitzen, baina informazioa falta zaigu. Jangelako proiektuarekin lotutako aurrekontuko partida garrantzitsua zen. Zer gertatuko da beste 200.000 euroekin? Asmoa da horiek ere erabiltzen joatea edo mantendu egingo duzue partida hori urte amaierara arte? Zalantza hori gelditzen zaigu", esan zuen.
Alkateak erantzun zuen batzorde bakoitza hausnarketa hori egiten ari dela orain. "Hau ez da gure dirua bakarrik, zuena ere bada, eta batzordeak ere badira zuen ekarpenak egiteko gune. Proposamenak egiteko gonbidapena eginda dago".
Jaietarako protokoloa
Osoko bilkuran aho batez onartutako puntu bakarra Jaietan eta aisialdirako guneetan eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloa onarpena izan zen. "Sortuta dago eta ekainaren 30ean aurkeztuko dugu jendaurrean", azaldu zuen Berdintasun batzordeko buru Ione Elkorok. Udalak eta Amantalak talde feministak elkarlanean landua, Sortzen aholkularitza zerbitzuaren gidaritza izan dute prozesuan. Ekimenak 5.000 euroko aurrekontua izan du eta Emakunderen dirulaguntza jaso du. "Protokoloak bi aplikazio eremu izango ditu: Ferixa Nagusiko jaiak eta Sagardo Eguna, eta urtean bi aldiz berrikusiko dela: otsaileko Berdintasun batzordean eta urrikoan (...) Indarkeria matxistari erantzun integrala emateko protokoloa da, jarraibide komun batzuk edukitzeko eta modu koordinatu eta antolatuan jarduteko".
Bi talde eragile aurreikusten ditu: Premiazko Batzordea, non Udal Gobernua eta herriko talde feminista egongo diren; eta Batzorde Mistoa, non Premiazko Batzordea, Jai Batzordea, txosnak eta herriko tabernak egongo diren.