Ekainaren 12an eta 13an ospatuko dituzte Beheko kaleko jaiak aurten. Jai batzordeko ordezkariek aurreratu dute eguenean, ekainak 12, neska-mutikoendako uretako txirrista erraldoia egongo dela 16:15tik aurrera. Ondoren etorriko dira apar festa eta Holi festa (19:00), pintxo-potea Baobeer garagardoaren dastaketarekin (19:30) eta Unai Cantabranaren kontzertua (20:00).
Barikurako, berriz, IX. Mendi Kriteriuma (16:30), entzierroa eta buruhandiak (17:30), Amaia DJ saioa (18:30), Dantzashow-a (19:00), igel-toka eta karakol lasterketa (19:30), zapia jartzea (20:00), haur eta gaztetxoen afaria (20:45), auzo-afaria (21:30), eta Gauargi taldearen erromeria (23:00) iragarri dituzte eta mojito jaia (00:00).
Afariko txartelak salgai
Helduendako txartelak Goikoetxe harategian daude salgai 17 eurotan, eta umeendako txartelak Lola jatetxean 7 eurotan. Umeen menua da solomoa patatekin eta izozkia. Helduena, berriz, urdaiazpikoa, errusiar entsalada, oilasko izterra eta flana. Hilaren 10era arte egongo dira txartelak salgai. Hortik aurrera, lekua badago prezioak izango dira 10 euro eta 20 euro.