Auto klasikoen erakusleiho izan da Elgeta

Gontzal Belategi Zubia 2025ko eka. 1a, 16:07

50 urtetik gorako hainbat auto izan dira ikusgai Mendizaleen plazan. Erakusketak ikusmira sortu du  herritarren artean.

Auto klasikoen erakusketa egon da gaur ikusgai Elgetako Mendizaleen plazan. Bestelako autorik ere izan den arren, 50 urtetik gorako autoetan oinarritutako erakusketa izan da. Fernando Errasti, Agustin Lazpiur eta Aitor Zabaleta izan dira antolatzaileak, Elgetako Udalaren laguntzarekin. Goizeko 11:00etan eman diote hasiera erakusketari, eta 12:30ak aldera, autoekin ibilaldia egin dute Elgetako kaleetan barrena.

Zabaletak adierazi duenez, erakusketa egitearen ideia ez da berria: "Pandemia aurretik pare bat aldiz egin genuen, eta ostean, beti egon gara egiteko, baina laga egiten genuen. Azkenean, aurten, alkatearekin elkartu eta denon artean antolatu dugu".

Antolatzaileak pozik gelditu dira herritarrek erakutsitako interesarekin, eta horrelako erakusketek geroz eta ikusmira gehiago sortzen dutela uste dute: "Geroz eta ikusmira gehiago sortzen du, horrelako auto zaharrak ez direlako egunero ikusten". Autoen maila ere nabarmendu dute: "Hemen 100era heldu ez arren, 80 urte inguruko autoak daude, eta beste batzuk 50 urtekoak. Denak daude ganoraz zaharberrituta".

Garai batean horrelako erakusketak igandero egiten zituztela gogoratu du Zabaletak, baina egun zail egiten zaiela horrelako maiztasun batekin elkartzea. Hala ere, aurrera begira erakusketa gehiago antolatzeko asmoa dutela iragarri du, baina, auto berriagoekin: Aurten auto zaharrekin egin dugu erakusketa, eta hurrengoan auto gazteagoekin egingo dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak