Frantziako Toulouse aldeko erbestearen seme-alabak Intxortan izan dira

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko maiatzaren 26a

Bisitan etorritako taldea. (Argazkia: Inrtxorta 1937 kultur elkartea)

Toulouse eta Saint Gaudens (Frantzia) herrietatik etorritako 50 bat lagun izan ziren maiatzaren 22an. Memoria Historikoaren euskal interpretazio zentroa eta lubakien gunea bisitatu zituzten.

Gerra eta gerra osteko denboretan erbesteratutako errepublikarren seme-alabak Hijos del exilio bandera eta Errepublikaren bandera eskuetan zituztela izan ziren Elgetan. Josu Chuecak eta Nerea Villak bideratuta bisita gidatua egin zuten.

"II. Errepublika, gerra eta errepresioa gai hartuta sei egunez ibili dira Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan memoria historikoan erreferentziak diren lekuak bisitatzen. Hala, memoria elkarteekin hartu-ematean Bilbo, Burdin hesia, Elgeta, Irun, eta Eibar bisitatu dituzte, besteak beste", azaldu dute Intxorta 1937 kultur elkartetik. "Bi dira Frantziako elkarte honen helburuak: askatasunaren alde borroka egin zuten errepublikarren memoria mantentzea eta Espainian zehar memoria historikoa berreskuratzeko egiten diren ekimenak ezagutzea".