Hamabost proba jokatu dituzte, besteak beste, lokotx-batzea, errelebo-lasterketa, harri-jasotzea, txapel-jaurtiketa eta asto-lasterketa. Lehia estua izan da azken unera arte, baina, azkenean, urdin koloreko kamisetak jantzita parte hartu duten Goiko Kalekoek irabazi dituzte jokoak.
Ondoren, Euskararen soka izeneko ekintza sinbolikoa egin dute, bi kaleak batuz. Herritar bakoitzak bere soka-zatia ondokoarenarekin lotu du, soka luze bat osatuz. Soka horretatik, mezu bat gordetzen zuen uztai bat pasa dute eskutik eskura. Ekintzaren amaieran, Goibekoko presidente Ainara Iribarrek eta Gazte Asanbladako Paula Palaciosek irakurri dute mezuaren edukia.
Mezuan, Goibeko Euskaltzaleen Mugimenduaren ibilbidea balioan jarri dute. Aurtengo Euskaraldiak, Elgetan, inoizko izen-emate handiena izan duela nabarmendu dute, ariketa sozialaren eragiteko gaitasuna azpimarratuz.
Elgetan euskararen normalizazioaren bidean egiten eta eragiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute antolatzaileek. Goizeko ekintza nagusien ostean, herri bazkaria egin dute Herriko Plazan, eta iluntzean Gari & Maldanbera eta Babesgabe taldeen kontzertuarekin emango diote amaiera egunari.