Elgetako I. Herri Olinpiadak dira Euskaltzaleen Eguneko nobedade nagusia

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mai. 23a, 10:25

Elgetarrek 2018an egin zuten Euskararen soka azken aldiz, eta eskutik eskura heldu zen mezua zeraman uztaia plazara.

Euskaltzaleen Egunak elkartuko ditu bihar, zapatua, elgetarrak. 30. urteurrena ospatzen duen Goibeko euskara elkarteak antolatuta, Euskararen soka, bazkaria eta Gariren kontzertua daude iragarrita. Nobedade nagusia, ordea, Elgetako I. Herri olinpiadak izango dira. 70 bat lagunek eman dute izena eta hamabost proba jokatuko dituzte.

Egun osoko ospakizuna dute bihar Elgetan. 30 urte betetzen ditu aurten Goibeko euskara elkarteak, eta Euskaraldiko egunak aukeratu dituzte herritarrak elkartu eta urteurrena ospatzeko. Askotariko ekintzak egingo dituzte, festa giroan. Euskararen soka izango da eguneko ekitaldi nagusia, baina aurretik zein atzetik izango da zer gozatu. Hain zuzen ere, goizeko Herri Olinpiadak izango dira nobedade nagusia.

Bi taldek hartuko dute parte: Goiko kaleko elgetarrak egongo dira taldeetako batean eta Beheko kalekoak, bestean. "Ondo pasatzea da gure helburu nagusia, baina Herri Olinpiadek badute esanahi bat", azaldu du Goibekoko kide Iban Arantzabalek. "Goibeko sortu zenean erabaki zen izen hori, Goiko kaleak eta Beheko kaleak Elgetan izan dutelako zentzua. Goiko kale eta Beheko kale izenen baturatik sortua da Goibeko izena, eta adierazi nahi du denen batura. Zentzu hori dauka: herri osoa ordezkatzen duen batura bat da".

Bergara eta Elorrio lotzen dituen eta Kataia etxetik pasatzen den errepideak egiten du banaketa Goiko zein Beheko kaleetako auzo, kale eta baserrien artean. "Erabaki dugu Goiko kalekoen eta Beheko kalekoen arteko Herri Olinpiadak egitea. Euskaltzaleen Egunean plazan nahi ditugu bateko zein besteko elgetarrak batera. Goibeko hitzak adierazi gura duen batura eragingo dugu".

Herri Olinpiadak goizean

Elgetako I. Herri Olinpiadetako probak 10:30ean hasiko dira. Parte-hartzaileek bezperan –gaur– jaso beharko dute kamiseta. 19:00etan egingo dute banaketa, plazabarrenean. "Beheko kalekoak gorriz joango gara: askoz ere gutxiago gara, baina gu gara faboritoak", adierazi du, irribarrez, Oxel Erostarbek. Hori esanda, argi dago kamiseta urdina eramango dutela soinean Goiko kaleko ordezkariek.

Hamabost proba izango dira jokoan eta salbuespenak salbuespen, hiru gunetan egingo dira: Salbador kaleko beheko lautadan –botika parean–, plazabarreneko errepidean eta plazan. Hori horrela, errepideko zirkulazioa Berraondokotik bideratuko da eta oinezkoen erabilerarako izango da erdigunea.

Antolatzaileek jakinarazi dute 70 bat lagunek eman dutela izena parte hartzeko. "Taldeak eginda daude eta izen-ematea, printzipioz, itxita dago. Dena den, azken unean oraindik ere izenik eman ez duen bateren bat animatzen bada, egingo diogu lekua. Komeni da lehenbailehen jakinaraztea", esan dute.

13:00ak arte iraungo dute olinpiadek, eta markagailu batean joango dira batzen talde bakoitzak proba bakoitzean lortutako puntuak. Ideia da proba bakoitzeko sei puntu banatzea: irabazleak hiru puntu jasoko ditu, bigarren sailkatuak bi eta hirugarren sailkatuak bat. "Herritarrei dei egiten diegu kalera irteteko eta nork bere taldea animatzeko".

Sari-banaketa ekitaldia olinpiadetako azken proba egin ostean egingo dute, eta Euskararen soka-ri hasiera eman baino lehen. Bi taldeetako batendako izango da garaikurra, eta ondo zaindu beharko du; izan ere, zaintzapean izango du hurrengo olinpiadak jokatu arte. Probak izango dira: Intxortatik jaitsiera bizikletan, Uberatik igoera bizikletan, errelebo-lasterketa, harri-jasotzea, txinga-eramatea, lokotx-batzea, sokatira, karabina-tiroa, saskibaloi-jaurtiketak, aterako jaurtiketak, mahai-futbol txapelketa, mus txapelketa, partxis txapelketa, txapel-jaurtiketa eta asto lasterketa.

'Euskararen soka'

Eguneko ekintza nagusia izango da eta 13:00etan hasiko da. Aurreko bi edizioetan bezala –2016an eta 2018an–, herritar bakoitzak aurretik banatutako soka zati bat izango du eskuan. "Norbere soka-zatia korapilatuko du ondokoarenarekin, eta, horrela, soka luze luzea egitea da asmoa. Soka horretatik uztai bat pasako dugu, eta uztai horrek eskutik eskura herritarrek sokaren punta batetik bestera eramango duten mezua eramango du. Plazan irakurriko dugu mezu hori", azaldu dute antolatzaileek. "Espero dugu hirugarrenez egingo dugun Euskararen soka-n euskaltzale asko elkartzea. Leku garrantzitsua eman nahi diogu euskarari".

Euskararen soka-k, aurten, Goiko eta Beheko kaleak batuko ditu. "Amaieran irakurriko dugun mezuak lotura izango du Goibekoren urteurrenarekin, Euskaraldiarekin eta euskararekin. Herriko elkarte guztiak gonbidatu ditugu ekitaldira, eta herritarrak ere bai, noski".

Buruhandiak eta bazkaria

Euskaltzaleen Egunera batuko dira buruhandiak ere, eta kalez kale ibiliko dira, 13:30etik bazkaltzeko ordura arte. Ordu berean egingo da sagardo upelaren irekiera; izan ere, sagardotegi menua izango dute bazkaltzeko elgetarrek. Ehun bat lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan.

Kantuan eta dantzan egiteko aukera izango da bazkalostean, eta Gari & Maldanbera taldearen kontzertuak hartuko du erreleboa, 19:30ean. "Animatu gara Gari ekartzera, batetik, ezagutu dugulako bakarka eta uste dugulako taldearekin beste dimentsio bat hartzen duela; bestetik, 30. urteurrenak lotzen gaitu. Izan ere, Gari ere urtemuga hori ospatzen ari da. 1995ean argitaratu zuen bakarkako lehen diskoa, eta polita iruditu zaigu gu bezala 30. urteurrena ospatzen ari den artista batekin borobiltzea eguna".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak