Izen-abizenak irakurrita, hemen jaioa zarela usteko du askok.
Nire ama Bilbokoa zen, eta aita, Donostiakoa. Gerratik ihesi joan ziren Venezuelara, eta seme-alabok han jaio ginen. Etxean giro euskalduna genuen eta nire amak Bilbon bezala kozinatzen zuen. Agian, lagun baten etxera joaten nintzen bazkaltzera eta ez nuen jaten, janariak ez zeukalako nire etxekoarekin antzekotasunik.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Caracasko Euskal Etxearen eta Eskolaren artean bizi ginen. Aste barruan eskolan egoten ginen; asteburuetan, Euskal Etxean. Urte haietako Caracas oso polifazetikoa zen. Arabiarrak zeuden, txinatarrak, afrikarrak, galegoak... Han jaio eta hezi arren, giro itxian hezten zara. Hango giro euskalduna ere oso itxia zen. Eskolan guztien lagun egiten zinen.
Zergatik etorri zinen Euskal Herrira?
Nik ez nuen beharragatik alde egin, baizik eta mundua ezagutzeko gogoagatik egin nuen. Krisi existentziala eduki nuen 19 urterekin, baina ez zen diru faltagatik izan. Denetik neukan. Orain, egoera ikusita, esaten dut: "Eskerrak joan nintzen".
Modu berezian etorri zinela esango nuke.
Iparraldeko Etorkin dantza- taldekoak joan ziren Venezuelara biran. Handik Euskal Herrira zetozen. Argi teknikaria portugaldarra zen, eta eskaini zidan hura Venezuelan geratzea eta ni haren txartelarekin hona etortzea. Eta halaxe etorri nintzen.
Eta Elgetara nola heldu zinen?
Auto-stop egiten, Donostian lan egiten zuen mediku madrildar bat ezagutu nuen, lana eman zidan eta hara joan nintzen bizitzera. Handik Bergarara etorri nintzen. Gero, Arrasaten, Araotzen eta Antzuolan bizi izan nintzen. Ostean, pisua erosteko aukera ona aurkitu genuen Elgetan.
"Mugatik igarotzen nintzen igaro behar nuelako, baina txartelak aurka nituen"
Urte haietan guztietan zailtasunik izan zenuen?
Hemen ilegal urte pila egon nintzen, erresidentzia-baimenik ez zidatelako ematen. Irungo muga ilegalki eta agiri faltsuarekin pila bat aldiz pasatu nuen. 1984-1985ean lortu nuen nazionalitatea. Baionan bizi nintzen, baina paperak hemen ari nintzen ateratzen. Horretarako, sei hilabete Estatutik atera gabe egon behar zenuen. Baionan bizi nintzenez, pasaportea zigilatu gabe sartu eta atera behar nuen. Muga legal igaro nuenean ere eskuek dar-dar egiten zidaten.
Nola lortzen zenuen?
Neuk ere ez dakit. Sei hilabete egindakoan, beste sei hilabeteko luzapena ematen zizuten. Horrela urte pila bat. Ikasle baimena lortu nuen lehendabizi.
Uste nuen gurasoek nazionalitate espainiarra izanda zeuk ere izango zenuela.
Ez, hori geroago jarri zuten. Ni jaio nintzenean nire aitak nazionalitate espainiarra zuenez, nik hemen nazionalitate zuzena atera ahal izan nuen, baina nire aitak Venezuelatik agiri bat bidali behar izan zuen esanez ni jaio nintzenean bera espainiarra zela.
Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Zorte handia izan nuen, neukan adina neukalako. Apustu egiten dut gaur egun ez nintzatekeela pasako mugetatik. Agiri frantses batekin, zera utziko zidaten pasatzen! Bizikletaz joaten nintzen. Garai hartan, gainera, ETA medio, giroa bero-bero zegoen. Igaro egiten nintzen igaro behar nuelako, baina txartel guztiak aurka nituen.
"Ez nago ados Venezuelan gertatu denarekin, baina lehen gertatzen zenarekin ere ez"
Venezuelako egoera politikoaz zein iritzi daukazu?
XIX. mendeko idazle venezuelar batek esaten zuen Venezuela lapurren eta bidelapurren herrialdea zela, eta hala izaten jarraitzen du; ez da aldatu ordutik. Orain iritsi dena jendeari gaizki irudituko zaio, baina lehen zegoenaren emaitza da. Aurretik egondako agintari guztiek egin izan balute egin behar zuketena, Chavez ez zen helduko esatera
herrialdea salbatuko zuela. Venezuela oso herrialde aberatsa da, baina pobrezia handia dago. Miseria dago. Ez nago ados gertatu denarekin, baina lehen gertatzen zenarekin ere ez.
Zer igartzen duzu faltan?
Hondartzak, tenperatura eta janaria. Fruta. Aguakateak han izugarriak dira.
Euskaraz ikasi duzu?
Ez. Nire aitak bazekien, baina egun osoa etxetik kanpo igarotzen zuen, lanean. Amak, ordea, ez zekien, eta hark hezi ninduen. Hemen denborarik ez dut izan, goizetik gauera arte lanean egoten bainintzen.
Harro sentitzen zara gurasoen jaioterrira itzuli zarelako?
Ez da harrotasuna. Inoiz egon gabeko leku batekoa naizela sentitzen dut, baina beti hor egon behar nuela uste nuen. Azkenean, iritsi naiz.
Elgetan bizitzeak "lasaitasuna eta segurtasuna" ematen dio Zubillagari
Elgetan bizitzetik "lasaitasuna eta segurtasuna" gustatzen zaizkio Zubillagari: "Ni bizi nintzen lekua ikusita, pagotxa da". Euskaldunen eta venezuelarren konparaketarik ez luke egingo, euskaldun guztiak ez baitzaizkio berdinak iruditzen, ezta venezuelarrak ere. Duela gutxi hitz egin du emaztearekin euskaldunen izaeraz: "Euskaldunak itxiak zirela esaten zidan, eta esan nion denetik dagoela. Ni, adibidez, Donostian eta Araotzen bizi izan naiz. Araotzen baserritar oso itxiak zeuden, baina nire lekua eman zidaten eta onartu egin ninduten. Jendearekin harremanetan jarrita, lortu egiten duzu".