Elgetako Udalak bost urtera arte luzatu daitekeen urtebeteko kontratua sinatu du Goiener kooperatibarekin. Udalak jakinarazi du esleipen prozesu bat egin dela eta Goienerrek lortu duela puntuaziorik onena. Hala, Udalaren titulartasuneko kontsumo-guneak hornituko ditu energia elektrikoz. Urtean, 26.467,82 euroko (BEZ barne) kontratua da.
"Orain arte Aldundiko Kontratazio Zentraletik egiten zen kontratazio hori, baina Udalak diru gehiegi ordaintzen duela konturatu da eta bere kabuz kontratatzea erabaki du. Apustu bat izan da eta ondo atera da. Adibide gisa, aurreko urtean 31.000 euro inguru gastatu genituen hornidura elektrikoan. Orain, Goienerren eskaintzarekin, Udalak diru dezente aurreztuko du: 4.000-5.000 euro", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.
Jatorri berriztagarria
Udalak balioan jarri du energiaren jatorria berriztagarria izango dela. "Oso pozik gaude hurrengo urteetan energiak jatorri berriztagarria izango duelako %100. Energia berriztagarriek, ingurumenean erregai fosilek edo energia nuklearrak baino inpaktu txikiagoa izateaz gain, autohornikuntzan laguntzen dute, eta, beraz, lurralde baten mendekotasun energetikoa murrizten dute. Udalak eredu jasangarriago bat lortu nahi du eta bide horretan pausu garrantzitsua izan da Goiener enpresarekin sinatutako kontratua".