Jeltzaleek proposatu dute Elgetako Pagatza industrialdeari 'Patxi Basauri' izena ipintzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mai. 20a, 18:20

Gaur arratsaldean EAJk Pagatza industrialdean egindako agerraldia.

Hiru hamarkadatik gora Elgetako alkate izandako Patxi Basauriren "legatua aitortua eta gogoratua" izan dadin nahi dute. "Akordiora irekia den" mozio bat aurkeztuko dute hurrengo martitzenean egitekoa den osoko bilkuran eta EH Bilduren Udal Gobernuaren babesa lortzea espero dute.

Gaur arratsaldean Pagatza industrialdean egindako agerraldian eman dute ekimenaren berri jeltzaleek. Bertan izan dira EAJk Elgetako Udalean dituen hiru ordezkariak –Iker Laka, Mikel Larrea eta Josu Leturia–, Basaurirekin batera udal arduretan lan egindako Maria Jesus Lete, Iñaki Ugarteburu eta Begoña Ardanza, eta Elena Lete zein Aitor Urrutia legebiltzarkide jeltzaleak.

Pagatzako industrialdeari Patxi Basauri izena ipintzeko proposamena egin dute. Elgetako Udal taldeko bozeramaile Iker Lakak esan du alderdian aspalditik lantzen ari diren ideia dela. "Urtarrilean, 31 urtez jarraian Elgetako alkate izan zenaren omenez egin genuen omenaldi herrikoi eta jendetsua borobilduko luke proposamen honek aurrera egingo balu".

Mozioa hurrengo osoko bilkuran

Jeltzaleak jakinarazi dute proposamenarekin lotutako mozio bat aurkeztuko dutela hurrengo osoko bilkuran. "Akordiora irekia izango den mozioa" izango dela ere esan dute.  Jakinarazi dute, bestalde, EH Bildurekin partekatu dutela eta babesa lortzea espero dutela. "Gure asmoa mozioa datorren asteko osoko bilkuran aurkeztea da, baina berriro diogu proposamen irekia dela eta, beraz, malguak izango garela denok eroso sentituko garen testu bat lantzeko (...) Garrantzitsuena da Udalean egindako akordio baten bidez keinu sinboliko bat ahalbidetzea, Patxi Basauri alkate ohiaren legatua aitortuko duena eta denboran zehar gogoratzeko balioko duena, elgetar askok eta askok eskatzen duten moduan".

Mozioak hiru atal dituela ere azaldu dute. "Basauriren alkatetzako lehen urteen errepaso labur bat egiten du, euskal erakundeen hedapen-prozesua nahiz garai hartan zeuden baliabide eskasak gogora ekarriz. Modu berean, Basaurik politika egiteko zuen berezko estiloa ere aipatzen du; erakundearen eta herritarren arteko gertutasuna zaintzen zituena. Gainera, bere agintaldietan abian jarri ziren azpiegitura eta zerbitzu barik gaurko Elgeta ezin dela ulertu nabarmentzen du testuak. Azkenik, Elgetak industrialde bat eduki zezan Basaurik egindako ahalegin handia azpimarratzen du. Apustu hori bere alkate garaiko esanguratsuenetakoa izan zen, polemika sortu bazuen ere: Patxik enpresak eta industria-jarduera nahi zuen herrian, ondo baitzekien horrek Udalaren diru-sarrerak handituko zituela, biztanleria finkatzen lagunduko zuela eta gainerako sektore ekonomikoak bultzatzeko motorra izango zela. Gaur egun ukaezina da erabaki hura estrategikoa izan zela Elgetaren etorkizunerako", esan du Lakak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak