Nondik datorkizu mendiarekiko zaletasuna?
Familiatik datorkidan zerbait da. Betidanik joan izan naiz mendira, aitarekin eta anaiarekin; txikitatik gustatu zaidan zerbait da eta gaur egun ere jarraipena ematen diogu.
Oporretan mendiaz deskonektatzea gustatzen zaizu ala mendiz inguratutako tokietara joatea?
Oporretan noan lekura noala, zenbat eta mendi gehiago egon, orduan eta hobeto. Ez naiz hondartzara joatea gustuko dutenetakoa; ezingo nintzateke oporretan Benidormera joan, esaterako. Pirinioetan gozatzen dut gehien; hiri batera joanez gero, sufritu egingo nuke gozatu baino gehiago.
Mendi-gidari izateko ikasketak egin zenituen; gainontzekoek ere mendiaz gozatzea da arrazoia?
Mendian ahalik eta denbora gehien egitea da nire helburua, eta, bide batez, denbora asko egiten ez dutenei gozaraztea.
Elgetako apaizaren laguntzaile ibiltzen zara; nolatan?
Gurea da herriko familia kristau bakarra; ume guztiak kristauak dituen familia bakarra, esan nahi dut. Apaiza adineko pertsona bat da, eta laguntza behar izaten du. Eliz-mutil ibiltzen naiz ni, aitak irakurgaiak irakurtzen ditu eta amak beste kontu batzuk egiten ditu. Hari laguntzea da asmoa.
Mendiak eragiten dizu Jainkoarengandik gertuago sentiaraztea?
Bada, ez naiz pentsatzen jarri, baina baietz esango nuke. Jaunak egindako paisaiak dira, eta nik horiez gozatzeko egin zituen; ederrak dira. Mendiak eragingo du Jainkoarengandik gertuago egotea, ziur; izan ere, zerutik zenbat eta gertuago egon, Jainkoarengandik orduan eta gertuago gaude; kar-kar.
Aita santu berriaren inguruko kinielarik egin zenuen?
Ez nuen kinielarik egin, ez; kar- kar. Egia esan, ez zitzaidan axola nor izango zen hautatua. Espiritu Santuak jarri badu, ona izango da, seguru.
Zer iritzi duzu?
Bada, iritzi ona daukat aita santu berriaren inguruan. Azken finean, Jaungoikoak ipini du hor, nahiz eta kardinalek bozkatu duten. Ezin daiteke horren kontrako ezer esan.
Etorkizuna nola irudikatzen duzu?
Elizaren bueltan. Azkenean, txikitatik naiz kristaua, eta ez dut imajinatzen bizitza Jaunarengandik urruti. Niretzat, beharrezkoa den zerbait da, eta urruti banago gaizki sentitzen naizela igartzen dut; zerbait faltako balitzait bezala
MOTZEAN
Bailarako mendi bat? Udalatx.
Janari gorrotatuena? Menestra.
Eskalatzeko, rokodromoa ala mendia? Mendia, beti.
Bidaiatzeko toki bat? Pirinioak.
Abesti bat? Kaparrak-en Bollikau.
Elgetako toki bat? Egoarbitzako tontorra.