Eguraldi txarra tarteko iaz egin gabe gelditu zen mendi irteera proposatzen dute maiatzerako Kantsatzeke mendi taldetik. "Ea aurten eguraldia portatzen zaigun ibilaldi nahiko erraza eta polita baita eguraldi onarekin disfrutatzekoa", esan dute.
Aloñari itzulia
Urtiagainetik abiatuta Aloñari buelta ematea da asmoa. "Urtiagainetik ekin eta Biozkorniako leporaino joango gara igotzen poliki-poliki, aldapa handirik gabe, baina beti gora –700 bat metroko desnibela– ia osorik pistaz lasai joateko moduan. Artzai txabolen parajeetatik Aloñaren hegoaldea ezagutuko dugu".
Biozkornian egingo du hamaiketakoa taldeak eta beherakoan ezkerrerantz hartuko dute. "Bidezidor polit batetik eta Arkaitz, Buetreaitz eta Aloñaren iparraldetik Urtiagainera iritsiko gara. Hasieran erdi lau eta larre inguruetatik, eta gero behera hasitakoan, alertze eta, batez ere, pago artetik".
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea zabalik da hilaren 15era arte kantsatzeke@gmail.com zein 690 74 00 56 telefono zenbakian (Whatsapp). Taldea 08:00etan abiatuko da herriko plazatik eta prezioa da 5 euro. Adin txikikoek parte hartzeko baldintza da guraso edo nagusi baten ardurapean izatea.