Egun osoko egitaraua iragarri du Elgetako euskara elkarteak maiatzaren 24rako. Herri olinpiadekin zabalduko dute eguna 10:30ean eta goiko kaleko eta beheko kaleko herritarrak jarri nahi dituzte nor baino nor pike sanoan.
Proben artean izango dira jaitsiera bizikletan –ibilbidea zehazteko dago–, Ubera-Elgeta bizikleta igoera, korrika erreleboka, harri-jasotzea, txinga eramatea, lokotx batzea, sokatira, karabina-tiroa, saskibaloi jaurtiketak, jaurtiketak futbol atera, mahai-futbola, musa...
Bi taldea osatzea da orain funtsezkoena eta izena-emateko mahai jarriko dute gaur 19:30ean plaza barrenean. Herritarrak olinpiadetan parte hartzera animatu dituzte.
Euskararen soka eta bazkaria
Euskararen sokarekin jarraituko dute ospakizunek eta 2020an egin moduan soka baten ondorean kokatuko dira elgetarrak eskutik eskura pasako den uztaiari alde batetik bestera bide egiten laguntzeko.
Bazkaria izango da ondotik plazan, 14:45ean. Sagardotegi menua iragarri dute antolatzaileek eta txartelak laster izango dira salgai Janela tabernan. Helduen menua 37 euro izango da eta umeena 15 euro. Helduen menuan sartzen dira sarrerakoak (urdaiazpikoa eta xolomoa), txorizoa sagardoarekin, bakailao tortilla, txuleta brasan, gazta-irasagarra eta intxaurrak. Ogia, ura, sagardoa kupeletik eta kafea.
Umeen menuari dagokionez menua da makarroiak boloñesa erara, pintxo morunoak, txokolatezko browniea, ogia, ura eta fruta-zukua.
Gari & Maldan behera
Gari & Maldan behera kontzertuarekin emango diote amaiera egitarau ofizialari. Legazpiko abeslaria ere lehen bakarkako diskoa atera zuela 30. urteurrena ospatzen ari da eta bat egingo dute zentzu horretan artistak eta Elgetako euskara elkarteak. Kontzertua 19:30ean hasiko da eta herriko plazan izango da.