Gazte Asanbladak "gazte sentitzen diren guztiendako" antolatu du Gazte Eguna

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko api. 4a, 08:00

Gazte Asanbladako Ana Manso eta Paula Palacios, Gazte Eguneko kartelarekin.

Elgetako Gazte Asanbladak II. Gazte Eguna antolatu du biharko, zapatua. Egun osoko egitaraua aurkeztu dute, askotariko ekintzekin eta proposamenekin. Bazkarirako txartelak gaur eguerdira arte egongo dira salgai, Janela tabernan. Prezioa 10 euro da.

Gazte Asanbladako kideak gogotsu daude Gazte Egunerako; izan ere, iaz egindako I. Gazte Egunak utzitako oroitzapen onak gogoan antolatu dute bigarrena. "Iaz, kontzertu potenteak antolatu genituen. Aurten, gehiago zentratu gara herrian, eta herri mailako Gazte Eguna izango delakoan gaude", esan dute Gazte Asanbladako Ana Mansok eta Paula Palaciosek.

Egoarbitzara egindako mendi irteerarekin emango diote hasiera egitarauari, 10:00etan. Eta hamarretakoa egingo dute goian. Ondoren etorriko dira Euskaraldiko hamaikakoaren aurkezpena (13:00), bertso-poteoa Aitor Tatiegi eta Unai Izagirre bertsolariekin (13:30), bazkaria (14:30), Bergara eta Osintxu aldeko Nebar taldearen kontzertu akustikoa (16:30), arratsaldeko poteoa jolasekin (18:00), bola-joko txapelketa (22:00) eta etxeko DJ saioa.

Gazte Eguna norendako den galdetuta, argi erantzun dute Mansok eta Palaciosek: "Gazte sentitzen den edonorendako da". Iaz moduan, bazkaltzeko paella egongo da eta txartelak salgai egongo dira, gaur eguerdira arte, Janela tabernan. Prezioa 10 euro da. "Plazan egingo dugu bazkaria, eta giro txarra bada, plazako arkupeetan".

Hiru urteko ibilbidea

Gazte Asanbladak laster beteko ditu hiru urte. "Eutsi egin nahi diegu Gazte Egunari, jaietako egitarauari eta Sagardo Egunari", diote Mansok eta Palaciosek. Hala ere, ekintza gehiago antolatzeko espazio propioa behar dutela adierazi dute. "Gaur-gaurkoz, beste batzuen menpe gaude, eta guretzako bakarrik den leku bat faltan igartzen dugu".

Gaztetxea berriz noiz zabalduko den galdetuta, zera diote: "Gure helburu nagusia hori da, eta jaso genuen Udalaren baiezkoa, baina, oraingoz, ez da posible izan".

Elgetako 16-20 urte arteko gazteei ere dei berezia egiten diete. "Faltan sumatzen ditugu, eta Gazte Asanbladan parte hartzera animatzen ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak