Elgetako jeltzaleek kezka adierazi dute "azkenaldian ugaritzen ari diren ekintza bandalikoengatik"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko martxoaren 26a

Atzo egindako osoko bilkura amaieran gaiaren inguruan galdetu zuten jeltzaleek. Esku-hartze prozesurik martxan dagoen galdetu zuten. Talde jeltzaleak "babes osoa" eskaini zion Udal Gobernuari "elkarlanean planteamendu bat egiteko".

"Azken hilabeteetan Elgetan ugaritzen ari diren pintaketa, lapurreta eta edukiontzien erreketen aurrean" kezka adierazi zuten jeltzaleek atzo egindako osoko bilkuran. "Ekintza horiek gaitzetsi eta herritarrei arduraz jokatzeko dei egiten diegu, ondorioek diru publiko eta ahalegin handia eskatzen dutelako", esan zuen jeltzaleen bozeramaile Iker Lakak. 

Udal Gobernuari galdetu zioten ea badagoen egoera bideratzeko egitasmorik. "Talde jeltzalearen babes osoa eskaintzen dugu elkarlanean planteamendu bat egiteko: segurtasun sentsazioa inportantea da herritarrentzat eta hori bermatzeko, lankidetza-moduetan sakondu behar dugu gizalegetik eta erakunde ezberdinen inplikaziotik", ziurtatu zuen Lakak.

Udal Gobernuko ordezkariek esan zuten hasita dagoela lanketa prozesu bat eskolako umeekin zein herriko zenbait familiarekin, eta gaineratu zuten ez dela esku-hartze "errazeko" gaia.

Eskertu egin zuten oposizioak lankidetzarako agertutako prestutasuna eta oposizioa informatuta mantenduko dutela agindu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak