Atzo, martitzena, egindako osoko bilkuran hartu zuen erabakia udalbatzak. "Udalak askotan adierazi du baso lursailak bereganatzeko interesa. Uste dugu Tantai baso jabe kooperatibak lagunduko digula lursailak egoki aukeratzen zein erosketa tramiteekin", esan zuen Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. Mila euroko hasierako ekarpena eta urtean ehun euroko kuota ordainduko ditu Udalak.
Irailean Tantaiko Iñaki Etxebestek Elgetan egindako hitzaldia ekarri zuen gogora alkateak. "Hainbat baserritarrek eskatuta antolatu genuen hitzaldi hori eta gustatu egin zitzaigun. Bertako espeziekin osatutako basoak modu jasangarrian eta bateratuan kudeatzen dituen basogintza eredu eraldatzailea sustatzen duen kooperatiba da Tantai", azaldu zuen.
Bertako zuhaitz espezieak landatzea oinarri duen baso eredua bultzatu gura du Udalak, eta Udal Gobernuko kideek uste dute Tantaiko lagunek aholkularitza egokia egingo dutela. "Ikusten dugu azken urteetan lursail askotan eukaliptoa landatu dela. Lur pribatuak dira eta ez dugu esku-hartzerik hor, baina gustatuko litzaiguke erakustea beste basogintza eredu bat posible dela", gehitu zuen alkateak.
Oposizioaren abstentzioarekin
Ordezkari jeltzaleak abstenitu egin ziren. Alde batetik, informazioa garaiz jaso ez izana adierazi zuten: "Faltan bota dugu kooperatibaren estatutuak eta informazioa garaiz jaso ez izana", esan zuen Mikel Larrea zinegotziak.
Bestalde, jeltzaleen iritziz komeniko litzateke erabakia hartu aurretik beste aukera batzuk aztertzea. "Helburua konpartitzen dugu, baina beste aukera batzuk badaude. Hor dago, esaterako, Aldundiaren Basotik Fundazioa. Uste dugu ondo egongo litzatekeela beste aukera batzuk aztertzea. Horregatik, abstenitu egingo gara", azaldu zuen Iker Laka jeltzaleak.
Unzetabarrenetxeak galdetu zuen Basotik Fundazioaren ereduaren inguruan. "Zein basogintza eredu bultzatzen du Basotik Fundazioak eta zein interesekin? Tantai kooperatiba bat da eta kooperatiba baten filosofia du. Uste dut guretzako egokiena dela. Bestetik, badakigu inguruko beste udal batzuekin ere ari direla lanean –Aretxabaleta, Aramaioa...– eta esan ondo hitz egin digute Tantairen kudeaketaz".
Tantairen aldeko apustua egin zuten Udal Gobernuko ordezkariek.