Apirilaren 2a Haur Liburuaren Eguna da eta apirilaren 23a Liburuaren Eguna. Hori horrela, Udal liburutegiak hainbat ekitaldirekin osatutako egitaraua iragarri du hurrengo asteetarako.
Aurreko barikuan egindako artista-liburuen sormen saioa izan zen abiapuntua. Lanak ikusgai daude hil amaierara arte liburutegian zabalik egongo den erakusketan. Parte-hartzaileen artean, gainera, bi sari zozketatuko ditu liburutegiak.
Liburutegia plazara
Geaxi Ezpeletak apirilaren 4rako iragarri du Liburutegia Plazara. Urteroko ekintza da, eta 16:00etatik 18:00etara izango da. 18:15ean, berriz, Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtadok Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute.
Gainerakoan, Ipuinen Ordu Berezia dago iragarrita apirilaren 12rako eta Aiert Zubigarai elorrioarrak ondutako Elgeta: 1937 emakumeen memoria komikiaren aurkezpena apirilaren 29rako.