Eguaztenean egin zuen lehen batzar irekia Elgetako Euskaraldia Batzordeak. Zazpi lagun elkartu ziren. Tartean ziren Goibeko elkarteko, Udaleko, Ozkarbi elkarteko eta Amantalak talde feministako kideak.
Jakinarazi zuten Elgetak eman duela izena maiatzaren 15etik 25era egitekoa den Euskaraldian, baita Euskaraldia Hika ekimenean ere. "Ekimenak hitanoa ikusgarri egitea du helburu, eta Euskaraldian parte hartzeko modu bat da. Euskaraldiaren oinarriak mantenduta, hika ere erabiltzeko proposamena gehitzen zaio ariketari", azaldu dute.
Zabalik dago izen-ematea
Zabalik dago Euskaraldian izena emateko epea, euskaraldia.eus webgunean. Izena ematerakoan elgetarrek bi erabaki hartu beharko dituzte: ahobizi edo belarriprest rola aukeratzea bata, eta Euskaraldia Hika-n parte hartzea edo ez bestea.
Txapa berriak izango ditu Euskaraldiak; izena eman dutenen artean banatuko dituzte, maiatzeko lehen hamabostaldian.
Izen-ematea animatzeko, batzordeko kideek informazio-mahaia jarriko dute kalean datozen egunetan. Jakinarazi dute, baita ere, batzordea apirilaren 9an elkartuko dela berriz, 19:00etan, Ozkarbi elkartean.