Nora de Vega eta Lur Egizabal, Gipuzkoako txapeldun

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mar. 21a, 09:05

De Vega eta Egizabal elgetarrak, txapelak jantzita, erdian finaleko kontrarioak dituztela. (Argazkia: Nagore Ojanguren).

Nora de Vega Ojangurenek eta Lur Egizabal Jimenezek osatutako bikoteak txapela jantzi zuen asteburuan jokatutako eskuz binakako errendimenduko Gipuzkoako txapelketan. 18-14 irabazi zieten Maria Balerdi De Paviari eta Itxaso Iparragirre Ormazabali.

Zizurkilen jokatu zen joan den asteburuan eskuz binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa, eta infantil mailako nesketan irabazle izan ziren Elgetako Nora de Vega Ojanguren eta Lur Egizabal Jimenez. Aurkari izan zituzten Amezketako Maria Balerdi De Pavia eta Itsaso Iparragirre Ormazabal, eta 18-14 gailentzea lortu zuten elgetarrek. Oso pozik daude garaipenarekin.

Final "gogorra"

De Vegak eta Egizabalek honela deskribatu dute finaleko partidua. "Gogorra izan zen; irabazten hasi ginen, baina parekatu egin zen kontua. Gero, berriro aldea atera genien, baina, ondoren, asko hurbildu ziren, eta gogorra izan zen bukatzea", esan du De Vegak. Gaineratu du fin ibili zirela honetan aurkariak: "Niri pilota botatzen zidatenean zabalera luze, gero dejada egiten zuten, eta hor asko asmatu zuten. Guk dejadetan eta atzelariari ezkerrera botatzen asmatu genuen".

Egizabalen esanetan, bikote moduan "ondo" ibili ziren, eta horregatik irabazi zuten. Aurkariak, gainera, ezagunak zituzten. Izan ere, Gipuzkoako txapelketako partidua elgetarrek irabazi zuten, baina Master Cup txapelketan haiek irabazi zieten; beraz, "pike" moduko bat bazuten euren artean.

Lagunak, pankarta eta guzti

Finalean, elgetarrek etxekoen eta lagunen animoak jaso zituzten kantxan. "Ez genuen espero, baina lagunak etorri ziren finala ikustera eta pankarta, eta guzti ekarri zuten. Aurretik, Master Cupeko finalera ere joan ziren gu animatzera. Asko eskertzen da hori", esan du Egizabalek.

Erreferente dituztenak

Duela bi ikasturte hasi ziren elgetarrak pilotan Bergarako taldearekin, baina ikasturte honetan estreinatu dira txapelketan. Pilotari erreferenterik duten galdetuta, Egizabalek esan du aurreko ikasturtean Rezusta izan zutela irakasle, eta hura dela erreferente bat. Emakumezkoetan, berriz, Goiuri Zabaleta, "gaztea eta oso ona" delako. De Vegarentzat egungo entrenatzaile duten Aitor Bergararen arreba Arrate pilotari profesionala da erreferentea pilotan; gainera, Master Cupeko partiduren baten botilero lanak egiten izan zuten.

Etzi, domeka, Antzuolako San Isidro txapelketan parte hartuko dute, eta aurkari izango dituzte Itsasne Lizarralde eta Izaro Sistiaga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak