Asentzio espazio kuttuna da elgetarrendako, eta orain dela aste batzuk sarrerako aparkalekuan zegoen komun publikoa kendu izanak sorpresa eragin du inguruko zenbait erabiltzaileren artean.
Gaiaren inguruan galdetuta, Ibon Unzetabarrenetxea alkateak jakinarazi du Udala Asentziori buruzko hausnarketa prozesu orokorra egiten ari dela. "Komun hori ez zegoen erabilgarri. Urte pila batean egon da ezin erabili zegoela. Agintaldi honetan bazegoen konpontzeko gogoa eta aurrekontuak eskatu genituen baina konpontzea baino merkeago ateratzen zen zaharra kendu eta berria jartzea", esan du.
Alkateak azaldu du agintaldi hasieratik izan duela Udalak Asentzio gunearen gaiari eusteko asmoa, eta planteamendu orokor bat egitea dela Udal Gobernuaren nahia: "Horretan ari gara, eta ikusi dugu komuna ezin zela zegoenetan bertan utzi. Ez dugu baztertzen etorkizunean beste komun bat jartzea, baina lehenago gune osoarendako planteamendu orokor bat egin behar dugu. Jakin behar dugu nora heldu nahi dugun. Hausnarketa orokor hori amaitzen dugunean ikusiko dugu non jar daitekeen komuna, eta, seguruenik, leku berean izango da. Horrekin batera, pentsatu beharko dugu zein segurtasun neurri har dezakeen Udalak komun publiko horren erabilera ona bermatzeko. Zergatik? Berdina ez pasatzeko. Hau da, berria jarri eta berriz ere erabilera txarra ematea eta izorratzea; izan ere, komun hori jarri zenean, erabilera oso txarra egin zen".
Bestelako erronkak
Asentzioko aisialdi-gunean konpondu beharreko bestelako gai asko daudela azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak, eta baimendutakoak ez diren ibilgailuak putzuraino sartzea da horietako bat. Arazo horri zein irtenbide topatu ere mahai gainean du Udal Gobernu Taldeak.
Gehienbat, Turismo eta Memoria Historikoa alorretik zein Kultura eta Euskara alorretik ari dira lanketa egiten. "Berpiztu egin nahi dugu Asentzio turismo aldetik, baina hori guztia ondo hausnartu behar dugu; izan ere, inbertsio handia egitea ekar dezake –lursailak erosi, haurrendako parte bat egin, bertan dauden eraikinekin zer...–".
Halako proiektuetarako dirulaguntzarik dagoen ere begiratu nahi du Udalak. "Gauzak ondo egin nahi ditugu, eta erabakiak hausnarketa prozesu baten ondorio izatea. Uste dugu, gainera, kontua ez dela obrak egitea eta kito. Egin behar dugu planteamendu bat denboran jarraipena izango duena".
Azken lan garrantzitsuak, 2010. urtean
2010ean jarri zuten komun publikoa Asentzion. Gunea berritzeko lanak egin zituen Elgetako Udalak, eta sasoi berean egin zituzten bai sarrerako aparkalekua –autokarabanendako gune ere badena–, bai hareaz egindako bidea. Orduan ere Turismoa eta Memoria Historikoarekin lotu ziren lanak. Hain zuzen ere, maiatzean 15 urte beteko ditu Intxortako ibilbide tematikoak. Intxortako Atea 2007an inauguratutakoa da.