Herritar talde baten ekimena da. Helduen euskal dantzen saioa prestatu gura dute jaietako Herri Egunerako, eta, nahikoa parte-hartzaile elkartuta, ekimenarekin aurrera egitea erabaki dute. Umeek egin ohi dute Herri Eguneko euskal dantzen ikuskizuna Elgetan. Aurten ere hasita daude lanean, eta, lau taldetan banatuta, 49 neska-mutiko ari dira dantzak ikasten.
Deia helduei
Gauzak ondo bidean, helduen saioa ere izango da aurten. Sonia Miranda eta Iratxe Bravo ari dira, besteak beste, taldea dinamizatzen. "Dantza zale dezente gaude Elgetan, eta zerbait antolatzea pentsatu genuen. Egon izan dira helduekin egindako dantza saioak jaietan, baina aspaldian ez, eta ez genekien zer-nolako erantzuna jasoko genuen", azaldu du Mirandak. "Ikusi duguna da jendea dantzan egiteko prest dagoela. Behin hasita, gustatuko litzaiguke ikuskizun polita antolatzea. Horregatik, jendea parte hartzera animatzen dugu; izan ere, zenbat eta gehiago izan, orduan eta ikuskizun politagoa irtengo da".
Dantzak ikasteko nahikoa denbora dagoela esan dute bultzatzaileek, eta adostu dute noiz eta non elkartuko diren entseguak egiteko: barikuetan, 19:00etan, gimnasioan. "Arropak ez dira arazoa izango, denok ditugulako baserritar jantziak etxean. Dantzak ikastea ere ez da arazo izango; dantza errazak dira eta hainbat lagun gaude ikasten laguntzeko. Parte hartzera animatzen ditugu elgetarrak", errepikatu dute.

Zenbat lagun elkartu zarete?
Hamar lagunek hartu dute jaietako Herri Egunean dantzan egiteko konpromisoa, eta kopuru horrekin aurrera egitea erabaki dugu. Jende gehiago animatzea nahiko genuke. Denboraz gabiltza, eta badugu itxaropena jende gehiago etorriko dela.
Zein dantza prestatuko dituzue?
Adostu dugu bolant-dantza batekin sartzea eta kokatzea plazan, eta ondoren kontradantza bat egitea. Ematen diguten denboraren arabera erabakiko dugu beste dantza bat egin edo ez. Dantza errazak dira, eta dantzatzeko zein ikusteko politak. Nahiko denbora dago ondo ikasteko.
Gogotsu ikusten duzu jendea?
Nor izango da irakaslea?
Hainbat gaude dantzak ezagutzen ditugunak, eta denon artean moldatuko gara.