Sei bat mila euroko gastua eragin du domeka goizaldeko suteak kaltetutako Gudarien Bideko hondakin-gunea berriz ere erabilgarri jartzeak. Debagoieneko Mankomunitateak hartuko du gastu hori bere gain. Suak, zorionez, ez zuen kalte pertsonalik eragin, eta inguruan etxebizitzarik eta aparkalekurik ez egoteak ekarri du bestelako kalte materialik ez egotea.
Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxea oso kezkatuta dago azken gertaera horren bueltan. Sugar handiak izan ziren eta bizilagunen sustoa ere handia izan zen. Horrez gain, azken boladan herrian dauden "bandalismo-gertakariek" ardura handia eragiten diote. Domeka goizaldeko sutearen bueltan, jakinarazi du ikerketa zabalik dela, baina Udalak nahiko argi duela ez zela berez piztutako sua izan: "Badaude lekukotzak diotenak bi gazte ikusi zituztela ordu hartan inguruan erretzen, eta nahiko argi daukagu eragindako sua izan zela".
Ez da kasu isolatua
"Kezkatuta gaude azkenaldian herrian dauden su-puntuekin", esan du Unzetabarrenetxeak. Gaineratu du azkenaldian ugari izaten direla herrian. "Ematen du badela jendea suarekin jolasean dabilena. Ez dakigu ziur atzean zein dagoen, baina ulertzen dugu gaztetxoak direla, eta Udalak gurasoen inplikazioa eskatzen du, seme-alabak nondik nora dabiltzan zain dezaten".
Su-puntu horiek zeintzuk diren galdetuta, Unzetabarrenetxeak, besteak beste, San Juan bezperan Torrealdean eraikitze-lanak amaitu gabe dituen eraikin batean izandako sutea ekarri du gogora, baina esan du egon direla su-puntu txikiagoak han eta hemen, eta udal arduradunak kezkatuta daudela suarekin jolasean ibiltzeko dagoen joerarekin. "Arduratuta gaude hori nola amaituko den. Arriskutsua da".
Grafitiekin ere kezka
Bestelako "bandalismo-jarrera" batzuk ere badaudela gaineratu du Unzetabarrenetxeak, eta esan du Udala bereziki kezkatuta dagoela han eta hemen agertzen diren grafitiekin eta pintaketekin. "Beti gaude arduratuta hurrengoa non agertuko den. Isilean jasaten ditugu, baina bada denboraldi bat oso arduratuta gaudela", esan du.
Jakinarazi du badirela gazte batzuk herriko hormak pintaketekin betetzen ari direnak. "Ez dakigu zergatik egiten dituzten, ez eta zein mezu helarazi nahi duten horrelakoekin, baina sarri agertzen dira, eta asko eraikin publikoetako hormetan izaten dira". Azkenetakoa egin berria den Eibar eta Elgeta arteko autobus geraleku berrian agertu direla dio Unzetabarrenetxeak. "Ez du garbi luze iraun!", kexu da alkatea. "Esan gabe doa horiek kentzeak gastu bat eragiten duela".
Gehiago dio Unzetabarrenetxeak: "Udaletxera etorriko balira, prest egongo ginateke grafitiak egiteko horma bat jartzeko. Gure mezua hau da: etorri eta azaldu zuen beharrak zeintzuk diren, herriko horma guztiak zikintzen ibili beharrean".
Frontoi zaharra du bereziki gogoan alkateak: "Pintaketekin beteta zegoen eta oraintxe margotu dugu. Ea zenbat denbora irauten duen".
Kezka orokorra
Mankomunitatean ere bada kezka horrelakoen inguruan; batez ere, edukiontziei su emateko joerarekin. Bailarako beste herri batzuetan ere askotan erre dituzte edukiontziak, eta halako suteek eragiten duten gastua handia da. Azken hilabeteetako informazioa bildu, eta agerraldia egingo dute, eragindako kalteen zenbatekoa publiko egiteko.