Otsailaren 7an egitekoa zen azoka txikia gaur egingo dute. Janela tabernako Maria Cobosek antolatuta, eguraldi txarrarengatik atzeratu egin zen otsaileko deialdia, baina gaurko ere euria dago emanda, eta Cobosek erabaki du azoka kafe antzokian egitea, nahiz eta hasierako asmoa izan postuak Janela tabernan zein taberna inguruan kokatzea.
Elgetako eta inguruko nekazarien eta artisauen postuak egongo dira azokan. Erakusleen artean izango dira, esaterako, Larrabiltxoko eztia; Baobeer garagardoak; Maite Barrainkua, zeramika lanekin; eta Sonia Miranda –Orioko lagun batekin–, lore sikuekin egindako sorkuntzekin. Gainera, arropak eta eskuz egindako bitxiak, kandelak, apaingarriak eta postalak ere egongo dira.
Musika eta urdaiazpikoa
Azoka txikia 17:30ean hasiko da. Barra zerbitzua ipiniko du Cobosek antzokian. "Dirua aterako banu, herrian beste ekintza bat antolatzera bideratuko nuke", argitu du.
Musika ere egongo da. Elgetako Unai Cantabranaren emanaldia izango da, 19:00etan, eta Saiatu kantu berria zuzenean entzuteko aukera izango da, besteak beste. Ordu berean edo apur bat lehenago hasiko da lanean urdaiazpiko-moztailea.