Unai Cantabrana: "Pozik nago 'Saiatu' kantuak izan duen harrerarekin"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mar. 10a, 09:00

Bideoklip formatuan argitaratu du bere sorkuntzako lehen kantua Unai Cantabranak (Elgeta 2004). Saiatu du izenburua eta maitasun bizipen batean dago oinarrituta.

Pozik zaude kantuak izandako harrerarekin?

Oso pozik nago. Harrera oso ona izan du. Youtuben zein Spotify-n 2200 ikustalditik gora izan ditu bost egunetan, eta kopuru oso onak dira nire lehenengo kantua izateko. Gainera, jende askok partekatu du, bereziki Instagram kanalean eta feedback oso onak jaso ditut. 

Zure lehen esperientzia izan da grabatzen. Nola joan da?

Brainfall Studios-eko Oier Palomorekin grabatu dut eta Ziabogako Danel Ezpeletarekin eta Aner Olaizolarekin egin dut bideoklipa. Lan asko egin dugu, baina ondo pasatu dugu. Esango nuke oso perfekzionista eta oso astun jarri naizela, baina nabaritu egiten da emaitzan eta hori da nahi nuena.

Alde batetik estudioko nire lehenengo esperientzia izan da. Ez da konposatu dudan lehen abestia, baina bai grabatu dudan lehenengoa. Irailean grabatu nuen Oier Palomorekin. Orain hiru aste oraindik ere aldaketak egin nizkion, baina uste dut lortu dudala bilatzen nuena. 

Bideoklipari dagokionez Danel eta Aner lagunak ditut. Film laburrak grabatu izan ditugu, baina bideoklipik ez orain arte. Azaroaren 1ean hasi ginen grabaketa lanekin eta urtarrilaren 27an amaitu genituen edizio lanak. Grabatu dugu nire logelan, San Roke ostean, Egoarbitzan, Urkulun... Bideoklipean ez da agertzen baina Elgetako kafe antzokian ere bai.  Bi hilabeteko lana izan da.

Maitasunezko kantu bat da Saiatu. Zein da mezua?

2020ko udan kantu bat idatzi nion gustuko nuen neska bati eta abestu egin nion. Orduan, besarkada handi bat eman genion elkarri. Hurrengo ikasturte hasieran, ordea, elkar ezagutzen ez bagenu moduan egin genuen eta orduko bizipenak jaso ditut Saiatu kantuan. Denbora pasa da eta orain gauzak beste modu batera ikusten ditut, baina une horretan sentitu izan nuena ekarri dut Saiatu kantura.

Etorriko dira kantu gehiago?

Bai. Bigarren kantua grabatzen hasita nago eta gustatuko litzaidake uda aurretik hiru bat kantu argitaratzea. Eta ea posible dudan uda ostean sei bat kantuko EPa atera. Diskoa egitea ere buruan dut, baina aurrerago izango da hori.

Lehiaketa entzutetsuetan parte hartutako zara. Gehiagotan parte hartuko duzu?

Nire musika egin nahi dut orain. Uste izan dut beti zure musika egiteko diru asko behar zenuela eta hori lortzeko bideetako bat izan zitekeela lehiaketa handietan parte hartzea. Orain ikusi dut dirua behar dela, baina ez dela beharrezkoa halako saioetan parte hartzea zure helburua lortzeko. Lehenengo kantua argitaratu dut eta jarraitu nahi dut nire abestiak sortzen eta argitaratzen.

Noiz duzu hurrengo zuzenekoa?

Laster eta herrian bertan. Elgetako Janela tabernan joko dut martxoaren 14an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak