Kantsatzeke mendi taldeak martxoaren 16rako iragarri du 2025eko lehen irteera. Taldea 08:00etan abiatuko da Elgetatik autobusez, eta Gorriti eta Lizartza arteko bidea egingo dute mendiz mendi tartean Urkietatik (866 m.) igarota. "Gorritin hasiko gara eta laster agertuko zaizkigu bistan Malloak —eguraldiak laguntzen badu ia bide osoan ikusi ahal izango dugun bista ederra—. Aldapatxo bat igota lehenengo tontortxora iritsiko gara, Musaio; behera egin eta Urdanzarrate lepora iritsita, Urkietarako bidea hartuko dugu, baina, tontorrera iritsi baino lehen Pagoeta ere hor izango dugu aukeran, bidetik metro batzuetara. Urkietan hamarretakoa egin, eta hortik Lizartzara ia dena behera da. Guztira, hamabi kilometro besterik ez, eta 438 metroko gorako desnibela bakarrik".
Mendi irteeraren ostean, Lizartzako Goikoetxea sagardotegian bazkalduko dute. Ezinbestekoa da beranduenez martitzenean izena ematea. Prezioa da 50 euro bazkideendako eta 55 euro gainerakoendako. Izena emateko zein argibideetarako: kantsatzeke@gmail.com eta 690 74 00 56.