Nola heldu da Sevillako Paradas herriko neska gazte bat Elgetako podologia zerbitzua ematera?
Nagusiagoa den anaia bat dut. Hura ere podologoa da, eta Bilbora etorri zen lanera. Sevillako unibertsitatean ikasketak amaitu nituenean esan zidan etortzeko, hemen bazegoela lana podologoendako. Eta horrela da. Eibarko klinika batean dihardut lanean. Orain arte, lankideak etorri izan dira Elgetara, eta aurrerantzean ni etorriko naiz.
Bigarren kontsulta izan da otsailekoa; zer moduzko pazienteak dira elgetarrak?
Egia esan, oso gustura etortzen naiz. Jende oso atsegina dago hemen. Euskaldunok baduzue oso sinpatikoak ez izateko fama, baina ez dut ulertzen zergatik. Gezurra da.
Podologia kontuetara etorrita, ondo zaintzen ditugu oinak edo kasu gutxi egiten diegu?
Gauzak aldatzen doaz, baina esango nuke, orokorrean, hobetu zaindu daitezkeela. Argi dugu guztiok garrantzitsua dela dentistarengana maiztasun jakin batekin joatea. Oinekin berdina gertatzen da, baina ez dugu hain barneratuta. Kasu gehienetan, arazoak sortzen direnean jotzen dugu kontsultara, eta oinak gorputzeko atal oso garrantzitsua dira. Ondo zainduta, arazo asko saihestu daitezke. Nire gomendioa da gutxienez urtean behin joatea kontsulta batera; batez ere, azterketa egitera. Sarri gertatzen zaigu paziente bat etortzea azazkala batean min duelako eta orduan konturatzea gu bestelako arazoak ere badituela. Adibidez, garatxoak edo zola batzuk behar izatea.
Zeintzuk dira gehien egiten dituzuen tratamenduak?
Zalantzarik gabe, kiropodiako tratamenduak dira ohikoenak: azazkalak moztea eta kailuak kentzea. Oinetarako zolak jartzea ere oso ohikoa da. Hori Eibarko klinikan egiten dugu.
Zein eragin du adinak oinetan izan ditzakegun arazoetan?
Adinean aurrera egin ahala, azala, azazkalak eta gorputza, orokorrean, gogortzen doaz. Elgetan artatu ditudan paziente gehienak adin batetik aurrerakoak dira, eta, normala denez, gehienek aurrez aipaturiko kiropodia tratamenduak eskatu dituzte. Kontsulta, baina, irekia da, eta edonor etor daiteke, aurrez txanda hartuta.
Garatxoak aipatu dituzu lehen; arazo handia ematen dute?
Oso ohikoak dira, eta, gehienetan, ez dute minik eragiten. Hasieran, behintzat, ez. Ohikoena da askotan konturatu ere ez egitea garatxoak ditugula. Baina garatxoak papilomak dira eta birus batek eragiten ditu, eta, gainera, kutsakorrak dira. Garrantzitsua da lehenbailehen tratatzea.
Egokienak kirol-zapatila estilokoak dira, eta garrantzitsua da kontra-horma ona edukitzea. Kontra-horma da orpoa inguratzen duen oinetakoaren zatia, eta oso garrantzitsua da. Bigunegia izatea kaltegarria izan daiteke. Beste ideia okerra da zola zenbat eta bigunagoa izan orduan eta hobea dela. Ez da horrela. Zolak ere irmotasun bat eduki behar du. Malguak izan behar dute, baina ez bigunak.
Umeek ere joan beharko lukete podologoarengana?
Etortzen dira, eta, gehien-gehienetan, izaten da garatxoak kentzera, baina uste dut egokia litzatekeela urtero azterketa egitea. Txikitan antzemandako arazoekin gertatzen da lehenago hartzen direla neurriak eta etorkizuneko arazo larriagoak saihestu daitezkeela.