Ahuntzak Trail probaren laugarren aldiari begira

Sara Lanz 2025ko ots. 15a, 08:00

Intxortako Ahuntzak Trail lasterketaren hirugarren aldian. GOIENA

Martxoaren 29an jokatuko da ntxortako huntzak rail lasterketaren laugarren aldia prestatzen ari dira. zen-ematea otsailaren 27ra arte dago zabalik, eta antolatzaileek gazteen parte-hartzea sustatu nahi dute.

Martxoaren 29an jokatuko da Ahuntzak Trail lasterketaren laugarren edizioa, eta izen-ematea oraindik zabalik dago. Otsailaren 27ra arte egongo da izen emateko aukera.

Intxortako Ahuntzak Trail lasterketa urtez urte hazten joan da, eta antolakuntzan hobera egin du. Taldeko kide Eleder Lozanok adierazi duenez, lehen edizioa izan zen zailena, bigarrenean akatsak zuzendu zituzten, eta hirugarrenean ibilbidea luzatu zuten, Egoarbitza mendia gehituta. Laugarren ediziorako gogotsu daude, eta lasterketa eguna iristeko irrikan.

Ibilbidea eta prestaketa

Lasterketaren ibilbideek iazko berak izaten jarraitzen dute laugarren honetan. Nagusien proba 10:00etan hasiko da, eta 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibela izango ditu. Ibilbide honetan barrena eramango ditu parte-hartzaileak: Egoarbitzatik, Goikomenditik, Aixolako urtegitik eta Intxortako puntatik pasatuko dira. Antxumeen lasterketak, aldiz, 09:50 izango du irteera-ordua; 4 kilometro eta 250 metroko desnibela izango ditu bigarren horrek, eta, Elgetako plazan abiatu, San Roke kaletik mendira igo, handik jaitsi, eta plazara itzuliko dira.

Bideak prestatzen hasiak dira jada antolatzaileak, eta Lozanok adierazi du entrenatzeko aukera edonorentzat zabalik dagoela: "Ibilbidea markatuta dago, eta jende askok aprobetxatu du entrenatzeko. Aztarnak nonahi ikus daitezke". Lasterketa egunerako azken ukituak egingo dituztela gaineratu du Lozanok: "Markak indartu eta banderatxoak eta zintak jarri".

Lasterketaren antolakuntzan lau pertsonako talde bat arduratzen da lan nagusiez, baina atzean babes handia dute. Lozanoren hitzetan: "Antolakuntzan lau pertsona gaude, baina, gero, atzetik babes handia daukagu. Herriak babesten gaitu, asko daude laguntzeko". Nabarmendu du herritarren babesak eta boluntario sare zabal batek egiten dutela posible halako ekitaldi bat antolatzea.

Dortsal kopurua handitu

"Momentuz, 225 korrikalarik eman dute izena Ahuntzen lasterketan", azaldu du antolakuntzako arduradunak, eta Antxumeen lasterketan oraindik gutxi batzuk direla esan du, gazteenek azken momentura arte itxaroten dutela ohartaraziz. Dortsalen kopurua aurten 350ekoa izango da Ahuntzenean eta 50koa Antxumeenean, guztira 400 korrikalari. Dortsal kopuruan hazten joan den arren, emakumeen parte hartze kopuruak azken urteetan jaitsiera izan du 2023an 56 izatetik, 2024an 39 izatera pasa ziren. Horrenbestez, antolakuntzatik edizio honetan emakume korrikalariei gonbita luzatu nahi diete. Oraindik 100 dortsal inguru geratzen dira, eta otsailaren 27ra arte egongo da izena emateko aukera, herrikrosa.eus webgunean.

Izen ezagunak

Aurten ere izen handiak izango dira Elgetan. Oihana Kortazar, distantzia horretako munduko onena, eta Ane Zabala, Hiru Handiak irabazitakoa, dagoeneko izena eman dutenen artean daudela ziurtatu du Lozanok; adierazi du maila handia egongo dela ziurtatuta.

Antxumeen lasterketa

Antolatzaileek gazteen parte-hartzea sustatu nahi dute aurten ere. "Kirola naturan egitea gozamen hutsa da, eta gustatuko litzaiguke herriko neska gazte gehiago animatzea", azaldu du Lozanok. Azken urteetan gorakada izan du gazteen parte-hartzeak, eta aurten ere joera hori mantentzeko helburua dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak