Koko-batze egunerako zazpi egun falta dira –otsailaren 22an egingo da–, eta prestaketa-lanak aurreratuta daude Elgetan. Goibeko euskara elkarteak antolatua, laugarren urtez egingo dute Inauteria iragartzeko eske-erronda. "Herri proiektu bat da eta denok gaude deituta. Lotzen ditu tradizioa, euskara, dantza, kantua, harremanak, belaunaldiartekotasuna, baserriekiko errespetua, natura... Oso artefaktu kulturala osatu da, eta helburu preziatuena gozamena da", azaldu du Goibekoko presidente Ainara Iribarrek.
40 lagun izena emanda
Aurten ere talde handia irtengo da baserriz baserri. Lerrook idazterakoan, 40 lagun zeuden izena emanda. "Gazteei dei berezia egin nahi diegu. Gustatuko zaie, ondo pasatuko dute eta Elgeta bizitzeko modu bat ikusiko dute etorriz gero".
Zeramika-gelan jarrita dagoen erakusketatik pasatzeko gomendioa egin du Goibekok, baita irekia den Telegram kanalaren jarraipena egiteko ere. Telegram kanaletik zabaltzen dute intereseko informazio guztia eta erakusketan daude izena emateko orria eta aukeran dauden mozorroak. "Edonork mozorro bat behar badu, ez da zaila izango bideratzea", esan du Iribarrek, eta izena ematearen garrantzia azpimarratu du: "Antolaketa egokia egiteko, komeni zaigu jakitea zenbat izango garen; baserri batetik bestera mugitzeko, gosarirako zein bazkarirako...". Erakusketatik pasa eta datuak uzteko eskaera egin du. Eguneko gastuak ordaintzeko koko bakoitzari 20 euro eskatuko zaizkio, eta koko-zuriei –gazteak–, 12 euro.
Bisita Uberara eta Zabaletara
Errepidearen beheko aldeko baserrietan egingo da aurten koko-batzea, eta, bertakoekin adostu ostean, lau baserritara eta bi auzotara eramango dute Inauteria kokoek: Urrejalei, Ubera auzoa, San Antonio, Galarragaetxetxo, Zabaleta auzoa eta Zalbide. "Bergarakoak diren auzoetara joatea berritasuna da. Harremanak aipatu ditugu, eta nahi dugu periferian dauden bizikideekin ere harreman hori landu. Ubera, Angiozar, Zabaleta... Egon da harreman sendoagoa eta egon daiteke oraindik ere. Koko-batzearekin bisita egingo diegu, eta ea denok batera ondo pasatzerik dugun. Uberan izango gara 10:15ean, eta uberar guztiak deitzen ditugu auzoko plazara. Zabaletara geroago iritsiko gara, 13:30ean".
Hartz txikia aurten
Bigarren nobedade handia hartz txikiaren esnatzea izango da. 18:00 aldera irtengo da kobazulotik, eta saiatuko da hartz handia aurkitzen. "Oso argi dugu koko-batzea ez dela umeendako. Gazteendako pentsatutakoa da; 100 urtera arteko gazteendako. Hala ere, transmisioa zaindu beharreko aldagaietako bat da eta Elgetako herri eskolatik jasotako laguntza handiarekin batera zozketa egin dugu, eta egunaren akabera aldera izango du lekua hartz txikiak. Plazabarreneko kobazulotik aterako da eta Salbador goienera joango da, hartz handiaren bila. Txarangak eta haren lagunek lagunduko diote bide hori egiten. Herritarrak ere gonbidatzen ditugu".
Kokoen konpartsak plazan egingo du azken dantza eta kantu saioa. Bertara joko dute iluntzean hartzak, hartz txikiak eta gainerako koko guztiek. Udalaren eskutik, Ustekabe txarangak girotuko du koko-batzearen amaiera.
Zalantza argitzeko saioa gaur
Koko-batzean parte hartu nahi dutenek hitzordua dute gaur, 19:00etan, kiroldegiko gimnasioan. Bertan, dantzak eta koplak entseatuko dira eta edozein zalantza argitzeko aukera egongo da. "Azalduko dugu, baita ere, koko-batzea zer den. Jai bat da, baina ez diskoteka bat. Zaindu behar ditugu tradizioa, hizkuntza, bisitatzera goazen baserritarrak, natura... Hori dena azalduko dugu. Fox-trotaren pausoak gogoratuko ditugu eta jantziak nola dauden ere begiratuko dugu", esan dute Goibekokoek.
Bestalde, jantziak prestatzeko laguntza behar dutenek jakin behar dute badagoela lantalde txiki bat horretarako. "Oso erraza da gu zeramika-gelan aurkitzea", esan du konpartsako kide Iratxe Bravok. "Astelehen iluntzeetan elkartu ohi gara, eta hurrengo astean gehiagotan elkartuko garelakoan nago. Libre dauden mozorroak badaude oraindik, eta material apur bat ere gelditzen da mozorro berriak prestatu nahi dituztenendako; etorri eta galdetu. Uste dut aurten gutxienez bost mozorro berri irtengo direla konpartsan".