17:00etarako prest zeuden lau mahai frontoiaren atzeko aldean. Mahai gainetan kolore guztietako hamabost bat mozorrorekin hasi da azoka eta zenbait osagairekin ere bai. Aukeran izan dituzte elgetarrek.
Otsailaren 22an koko-batzea eta otsailaren 28an Inauteria; horiek dira elgetarrek aurtengo Inauterirako dituzten data garrantzitsuenak. Batzuendako, akaso, goiz da oraindik mozorroak prestatzen hasteko, baina bada lanketa horretan hasi denik ere.
Gaurko azokarekin azpimarratu nahi izan dena da mozorroak ere berrerabili egin behar direla. Azokarekin edo bestela, komeni da begiratzea etxean mozorrorik dagoen eta horiek trukatu, saldu edo oparitu daitezkeen.