Zapatu honetan, otsailak 8, motorzaleen topagune bihurtuko da Elgeta, Mendi Mendia Racing taldeak antolatutako urteroko jaiarekin. Zazpigarren edizioa izango da, eta egunean zehar auto klasikoen erakusketa, Egoarbitzako lasterketa, herri bazkaria eta kontzertuak izango dira. Jaia taldeko pilotuek eta kopilotuek euren jarduera finantzatzeko baliatzen dute, eta urtero gero eta parte-hartzaile gehiago erakartzen ditu. "Ilusio handiz prestatzen dugu urtero, eta jende gehiago animatzen ari da", azaldu du Mikel Beretxinagak, taldeko pilotu beteranoak.
Beretxinagak azaldu duenez, 11:30ean egingo den auto klasikoen erakusketa da ekitaldiaren puntu garrantzitsuenetako bat. "Urtero jende gehiago animatzen da bere ibilgailuak erakustera", dio Beretxinagak. 25 urtetik gorako autoak ikusi ahal izango dira: Mini klasikoak, rallyetako autoak, baita Vespa motorrak ere, besteak beste.
Eguerdian, 12:00etan, Egoarbitzako lasterketari emango zaio hasiera. Izen-ematea bertan egin ahal izango dute korrikalariek, 11:30etik aurrera, eta dortsala momentuan jaso ahal izango da. "Urteroko ibilbide bera mantenduko dugu, parte-hartzaileei gustatzen zaielako eta oso egokia delako horrelako probetarako", azaldu du Beretxinagak. Lasterketa amaitutakoan, 13:00etan, sari banaketa egingo da, herriko plazan, eta 13:30ean, taldeko argazkia aterako dute parte-hartzaile eta antolatzaile guztiek.
Arratsaldean, 14:00etan, bazkaria egingo dute antzokian. Antolatzaileek 200 pertsona inguru elkartzea espero dute. "Urtero kopuru horretara iristen gara, eta aurten ere antzeko parte-hartzea aurreikusten dugu", dio Beretxinagak.
Jaia gauean borobilduko da, 21:30ean hasiko diren kontzertuekin. Espaloia kafe antzokian lau talde igoko dira oholtza gainera: Babesgabe, No Limits, Nafarroa 1512 eta Banana Shake, hain zuzen ere. Ondoren, DJ Oier Mendizabalek girotuko du gaua. Babesgabe herriko talde hasiberria da. "No Limitsekoak gure lagunak dira eta disko berria atera dute, eta aukera bikaina da haientzat Elgetan aurkezteko", adierazi du Beretxinagak.
Sarrerak leku hauetan eskuratu daitezke: Elgetako Janela eta Lola jatetxeetan, Bergarako Arrano tabernan eta Eibarko Beleko tabernan. Prezioei dagokienez, bazkarira eta kontzertuetara joan nahi duenak 25 euroko sarrera erosi ahal izango du, eta kontzertuetakoa bakarrik 10 eurotan.
Aurtengo denboraldia
Jaian batutako dirua gastuak finantzatzeko erabiliko dute: federazio-kuotak, lasterketetako izen-emateak eta autoen mantentze-lanak. Beretxinagak aurreratu duenez, aurten Mendi Mendia Racing taldeko pilotu gisa hura egongo da, eta Oskar Sarasua kopilotu. Lea-Artibaiko Rallyan lehiatuko dira, eta, ondoren, Gorlako Igoeran parte hartzea dute helburu. "Kilometroak egin eta auto berrira ohitzea da gure erronka. Iaz, lasterketa gutxi egin genituen, baina aurten, txapelketan egonkortu egin nahi dugu", azaldu du.
Intxortako rallysprinta ere antolatuko dute aurten, urriaren 25ean. "Lehen urtean esperientzia polita izan zen", eta aurten indar handiagoz itzuliko direla dio Beretxinagak. Taldeko kideen esanetan, etorkizunean ere Mendi Mendia Racing jaia eta Sagardo Eguna ekimenekin, motor mundua eta herriko kultura uztartzen jarraituko dute. "Garrantzitsua da komunitatea motorrarekin lotzea", eta jaia horretarako aukera ona dela esan du Beretxinagak.