Bi azoka ziren egitekoak gaur arratsaldean Elgetan. Alde batetik, Udalak antolatutako Inauterietako mozorroen bigarren eskuko azoka. Kiroldegi inguruan egingo dute, eta eguraldi txarra bada, frontoian. 17:00etan hasiko da eta ordubete iraungo du. Helburua da Inauterietako mozorroak berrerabiltzea, eta Udalak jakinarazi dute trukatu, saldu zein oparitu egin daitezkeela mozorroak. Edozein mozorro azokan aurkeztu nahi dutenek bertaratu besterik ez dute. Behar dutenek ere aukera politak aurkituko dituzte, akaso, azokan.
Janelan azokarik ez
Eguneko bigarren azoka Janela taberna inguruan zen egitekoa. Aurreikusita zegoen hamahiru mahai egotea; batez ere, artisau-lanekin. Horrekin batera, Unai Cantabranaren zuzeneko emanaldia zegoen iragarrita. Azoka hori ez da egingo. Eguraldi iragarpena oso txarra dela-eta erabaki du atzeratzea Janelako Maria Cobosek.