Elgetako Amantalak talde feministak erakusketa bat antolatu du Elgetako Buztin Gelan astebururako, otsailaren 6ko Emakumeen Genitalen Mutilazioaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. Erakusketa mundu mailan eta estatu mailan emakumeen genitalen mutilazioaren eragina eta geldiarazteko martxan dauden planak jorratuko ditu. Horrez gain, hiru emakume erreferenteren bibliografia eta ekimenak ere ikusgai egongo dira.
Erakusketa iganderarte, otsailaren 9ra arte egongo da zabalik. Elgetako Buztin Gelan izango da, eta asteburuan interesa dutenek bisita dezakete.
Antolatzaileek azaldu dutenez, erakusketa Amantalak taldearen ekimen bat da, eta aurreko urteetan emakume zientzialarien eguna bezalako gaiak landu ondoren, aurten emakumeen genitalen mutilazioaren gaia jorratzea erabaki dute. Jone Arbulu taldeko kideak adierazi duenez, “elgetarrek errealitate ezberdinak ezagutzea eta praktikak geldiarazteko kontzientzia izatea” dute helburu.
Erakusketa horrekin batera, elgetarrek beraien iritzia elkarbanatu ahal izango duten txoko berezi bat prestatu dute, eta jasotzen diren erantzunen arabera ekimenak jarraipena izango du.