Euskara eta Kultura zinegotzi Maialen Arnedok eman zituen azalpenak: "Aurrera begirako helburuak eta lan ildoak finkatzeko beharrezkoa zen nondik abiatzen garen ikustea. Azterketa egiteko datuak UEMAk jaso zituen, eta aplikazio batetik pasa behar zuten. Arazoak egon dira aplikazioarekin, eta horregatik onartu da plana 2025ean".
Finkatutako lan-ildoetara etorrita, Arnedok azpimarratu zuen Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea dela helburu nagusia, eta egitura aldetik plana bi puntu nagusitan banatzen dela: erabilera eta kudeaketa. Bakoitzarekin lotuta sei erronka azpimarratu dira: "Lan hizkuntza moduan euskara lehenesteko ahalegina jasotzen du planak: sortze-lanak euskaraz egitea, erabiltzen diren dokumentuak euskaraz egotea, langileek euskarazko gaitasuna edukitzea, langileen arteko ahozko komunikazioa euskaraz izatea, idatzizko komunikazioak euskaraz izatea, herritarrak euskaraz artatzea, baliabide informatikoak euskaratzea...".
Oposizioak esan zuen plan osatua dela, eta jarraipena egiteko egindako sistematizazioan jarri zuen arreta. Arnedok erantzun zuen pertsonalki hartzen duela parte UEMAko teknikari Ibon Aginagarekin egiten diren jarraipen batzordeetan.