Patxi Basauriren omenaldiak tirabirak eragin ditu

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ots. 1a, 09:00

Ibon Unzetabarrenetxea alkatea eta EAJko Iker Laka, eztabaidan.

Alderdi jeltzalearen adierazpen batzuek EH Bilduko Udal Gobernuaren haserrea eragin dute. "Ulertzera eman duzue herri omenaldi bat egiteko eskaintza egin zenigutela eta guk ezetz esan genuela. Eta hori gezurra da", esan du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.

Martitzenean egindako osoko bilkurako azken puntuan atera zuen gaia Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. Patxi Basauriri egindako omenaldiarekin lotuta EAJk GOIENAn egindako adierazpen hauek eragin dute ezinegona: "Herri omenaldi bat izatea nahi genuen hasieratik, baina Udal Gobernuak ez zuen ikusten".

Unzetabarrenetxeak esan du horrelakoek "min handia" eragiten dutela. "Hitz horiek gezurra dira (...) Baliatu duzue ekitaldia Udal Gobernua leku txarrean lagatzeko". Alkateak azpimarratu du eskaera bat egon zela EAJk antolatutako ekitaldi bat egiteko, baina ez zela inongo unetan Patxi Basauriren omenezko herri ekitaldi bat egiteko eskaintzarik egon. "Ez baduzue adierazpen hori zuzentzen, guk gurea egingo dugu, elgetarrei adierazteko zein den errealitatea".

EAJko Iker Lakaren erantzuna izan da Basauri hil eta gutxira elkarrizketa bat izan zuela Unzetabarrenetxearekin, non galdetu zion ea Udal Gobernuak zerbait gehiago egiteko asmorik zuen, eta erantzuna izan zela ezetz. "Egia da Udalak eskela bat eta adierazpen bat atera zituela, eta hiru dolu-egun izendatu zituela. Hiletara ere loreak eraman ziren (...) Gure asmoa zen Patxiri omenaldi bat egitea, eta alderdiaren ekimenez egin den ekitaldi ireki bat izan da. Gure helburua ez da izan, inondik inora, polemika sortzea (...) Akaso, ez da hitzekin asmatu".

EAJko udal taldeko Mikel Larreak ere hartu zuen hitza: "Errealistak izanda, logikoena zen horrelako iniziatiba bat Udal Gobernuarena izatea. Horren eza ikusi denean, gure taldeak hartu du iniziatiba. Herritar askoren ikuspuntua hori da".

Udal Gobernuko kideak ez dira iritzi berekoak: "Adierazpen horiek irakurrita ulertzen da gurekin kontrastatu zenutela herri omenaldi bat egitea eta guk ez genuela ikusten unea zenik (...) Eta Udal Gobernu honetatik ez zen horrelako adierazpenik egin".

Alkateak gehiago esan zuen: "Herri omenaldi bat egiteko eskaera heldu balitz, prest egongo ginen parte hartzeko eta laguntzeko, baina Udal Gobernu hau EH Bildurena da. Ez dagokigu guri Patxi Basauriri omenaldi bat egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak