Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da Elgetako katai-etxea. Lagatze hitzarmen batek ahalbidetzen du Udalak kultura etxe moduan erabiltzea. Hala, bertan kokatzen dira udal liburutegia, musika-gela, KZgunea, erabilera askotariko gela eta herriko hainbat elkartek erabiltzen dituzten espazioak.
Berriki, hainbat lan egin ditu Udalak kultura etxean. Gabonen aurretik, liburutegiaren erdi-erdian zegoen forma borobileko mahai finkoa kentzeko obrak egin zituzten. Kristal transluzido bat dago orain haren lekuan.
"Espazio asko irabazi dugu. Azkenean, eguneroko erabilerarako metro karratu asko kentzen zizkigun", azaldu du liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak. "Ekintza batzuk egiteko muga handia zen. Umeen ipuin saio batzuetan, esaterako, bazterretako espazioak txiki gelditzen ziren. Orain, espazioa beste modu batera antolatzeko aukera dugu. Dokumental emanaldi bat egin dugu berriki, eta aulkiak kokatzeko askoz ere hobeto dago orain".
Pintatze-lanak
Kultura etxeko erabiltzaile direnek ondo dakiten moduan aurreko asteotan hormak pintatzeko lanak egin dituzte bertan. Igogailua izan da goiko solairuetara heltzeko modu bakarra; izan ere, eskailerak tartez batez ezin izan dira erabili. "Kultura etxe osoa pintatu dugu, goitik behera. Barrutik itxura hobea eman nahi izan diogu. Bazuen beharra", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.
Lanen aurrekontua 8.993 eurokoa izan da. "Orain, errotulazio lanak daude egiteko", esan du Unzetabarrenetxeak. "Gela guztiak identifikatuko ditugu, jendeak jakin dezan bakoitza zertara bideratzen den". Udalak 3.076 euroko inbertsioa aurreikusi du errotulazio lanetarako.
Kanpoko birgaiztea
Katai-etxea herriko eraikin enblematikoetako bat da. Muga-etxea izan zen eta, besteak beste, Gipuzkoako, Bizkaiko, Elgetako, Bergarako eta Elorrioko armarriak ditu. Kontserbazio egokirako, kanpotik ere birgaizte-lanak behar ditu. "Aldundiarekin negoziazioetan gabiltza", esan du alkateak.