Gaur, barikua, egingo dute 31 urtez Elgetako alkate izandako Patxi Basauri Elkororen omenezko ekitaldia, jaioterrian. Elgetarren parte-hartzearekin egindako omenaldi "hunkigarria" izango dela aurreratu dute antolatzaileek. "Arlo askotako elgetarrek hartuko dute hitza – kultura, industria, kirola, politika, lagunartea...–, eta Patxirekin izandako bizipenak ekarriko dituzten gogora".
Aurreratu dute Basauriren ibilbide pertsonalaren eta politikoaren errepasoa egingo dutela, "eta Elgetari egin dion ekarpenarena". Musika eta kantu emanaldiak ere iragarri dituzte.
Ez da ekitaldi politikoa izango
"Herri omenaldia izatea nahi genuen hasieratik, baina Udal Gobernuak ez zuen ikusten unea zenik eta jeltzaleondako garrantzitsua zen lehenbailehen egitea", esan du Elgetan EAJko bozeramaile Iker Lakak. "Hala, EAJkook hartu dugu, elgetarren laguntzarekin, ekimena antolatzeko ardura, baina asmoa ez da ekitaldi politikoa izatea, Patxiren ekitaldia izatea baizik. Parte hartu nahi duen guztia dago gonbidatuta".
Omenaldia udaletxean izango da, 19:00etan.