Ume txikiendako ipuinekin hasiko dira eta publikoaren arabera joango dira bestelakoak kontatzen. Ateak zabalik izango dira liburutegian. 6 urtera arteko umeak heldu batekin sartu ahal izango dira.
Elgetako kontalariak domekan Deban
Trukean, Elgetako kontalari talde boluntarioko kideek Deban egingo dute saioa, domekan. Lau lagun joango dira eta Debako Ispiluen Gelan egingo dute saioa, 17:30ean. Ezaugarri oso antzekoak dituzte bi taldeek: ipuinak kontatzen dituzte, euskaraz, eta izaera boluntariokoak dira. "Elgetako Ipuinen ordua ekimenak iaz bete zituen 10 urte, eta urteurreneko ekintzen artean mahai inguru bat antolatu genuen, liburutegitik, Debako eta Elgetako kontalariak batu eta dinamikak, esperientziak eta abar partekatzeko", azaldu du Geaxi Ezpeletak. Esperientzia polita izaten ari dela dio Debako Mari Searak: "Elgetako liburuzainak proposatu zigun elkartruke bat egitea, eta hementxe gaude, pozik eta gustura, sareak josten jarrai dezagun".
Kontalariendako ez ezik entzuleendako ere esperientzia positiboa izango delakoan dago Ezpeleta. "Interesgarria izango da kontalariontzat, eta aberasgarria herriko entzuleentzat, kontalari desberdinak entzuteko aukera egongo da eta".
Elgetako taldearen kasuan, liburuzainaren ekimenez sortu zen dinamika. Deban Euskara teknikariak bildu zituen boluntarioak orain 12 urte. "Euskara nagusi zen arnasgune berri bat sustatu nahi zuen. Hori duela 12 urte izan zen. Kideen joan-etorri asko egon arren, hemen gaude oraindik".