Egun berezia izango da gaurkoa Herri Eskolan. Ikasleek 09:30ean egingo dute Neguko Azoka, plazan. Kantuan ere egingo dute, kalez kale, eta hamarretako berezia izango dute eskolan guraso elkartearen eskutik. Gabonetako oporrak hartuko dituzte amaitutakoan.
Gabonetako ekintza sorta dago iragarrita hurrengo egunetarako. Olentzero eta Mari Domingi astelehenean jaitsiko dira Intxortatik; 18:30 bueltan helduko dira Elgetara eta plazan elkartuko dira herriko neska-mutikoekin. Haien gutunak jasoko dituzte eta gozokiak banatuko dituzte.
Gabon egunean, hilak 24, kantu eskean irtengo dira elgetarrak, Maala guraso elkarteak deituta. 11:00etarako egin dute hitzordua, eskola atarian. Kalez kale ibiliko dira eta amaitutakoan salda eta txorizoa banatuko dituzte parte hartzaileen artean.
Eguberri egunean, hilak 25, Kantsatzeke mendi taldeak urteroko hamarretakoa gertatuko du Intxorta puntan, 11:30erako.
Hilaren 27an, berriz, bingo-jokoa egingo du Beheko kaleko jai batzordeak. 18:30erako egin dute hitzordua Ozkarbi elkartean. Batutako dirua jaiak finantzatzeko izango da.
Gabon zaharra eta urte berria
Gabon zahar egunean, pilota txapelketako finala jokatuko da, udal pilotalekuan. 10:30erako iragarri dute antolatzaileek. Jarraian egingo dute sari banaketa.
Urtarrilaren 2an eta 3an, berriz, umeendako haur parkea egongo da frontoian, 16:00etatik 20:00etara. Sarrera hiru euro da.