Langile Batzordeak deituta –2 ELA, 2 LAB eta 1 CCOO–, ordubeteko bi elkarretaratze egin dituzte, asteon, Elgetako Mek Lema enpresako langileek. Enpresa atarian mobilizatu dira, Paktu duina orain zioen pankartaren atzean, bai astelehenean bai atzo eguerdian. "Mek Lemako Langile Batzordeak hainbat bilera izan ditu zuzendaritzarekin – azkena, urrian–, baina ez dute negoziaketan aurrerapausorik ematea lortu", adierazi du ELA sindikatuko ordezkari batek.
Hain zuzen ere, atzo egindako batzarrean erabaki zuten mobilizazioak gogortzea eta eguenean greba egingo dutela iragarri dute langileek. Hiru txandetan egingo dute greba, eta baita ere asteburuko txandan.
Lan-hitzarmen "duina"
Pagatza industrialdean dago Mek Lema, eta pieza metalikoak egiten dituzte. Ehun bat langile ditu enpresak. ELA sindikatuak adierazi du uztailean hasi zirela lan-hitzarmena negoziatzen, eta gaur egun 2024ko eta 2025eko akordioa dagoela mahai gainean. Soldata igoera eta lanordu jaitsiera dira eskaera nagusiak.
GOIENA harremanetan jarri da enpresarekin, baina zuzendaritzak ez du, oraingoz, adierazpenik egin.