Udal gobernuarekin aurrekontua negoziatzen hasteko jeltzaleek estrategikotzat jotzen dituzten proposamenak dira. "Gai ezagunak dira, ondo jorratutakoak, eta EAJk estrategikotzat jotzen dituenak, Elgetaren etorkizunari eta elgetarren beharrei erabakitasunez aurre egiteko", esan du bozeramaile jeltzale Iker Lakak. EH Bilduri dei egiten diote "akordioa erraztuko duen negoziazio zintzo bat hastera, ordenantza fiskalen kasuan erakutsitako jarrerarekin jarraituz".
Udaletxearen eraberritzea
Lehenengo eskaera da udaletxea eraberritzeko proiektu bat idazteko. "Historikoki aldarrikatu dugun gauza da, eta errealitate hori gero eta atzeraezinagoa da. Argi dago udaletxe zaharkituta dugula, hezetasun eta irisgarritasun arazoekin eta espazioaren aprobetxamendu falta nabariarekin. Kontua bideratu egin behar da".
Etxebizitzak Torrealdean
Jeltzaleen bigarren proposamena da "Torrealdean bertan behera lagata dagoen eraikuntza-egiturari behin betiko konponbidea" ematea. "Proiektua garatzeko dauden aukerak eta beronen bideragarritasuna aztertuko dituen azterlana egitea proposatzen dugu. Horrela, etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitu, herrigunea osatu eta inguruko segurtasun-arazoei, pare bat sute kasu, amaiera emango litzaieke", zehaztu du Lakak.
Birziklapena handitzeko kanpaina
Hirugarren planteamendua hondakinei eta kaleen garbiketari lotuta dago. Jeltzaleen iritziz zabor-tasaren igoera ikusita gaikako bilketa handitzeko kanpaina bat egin beharko litzateke. "Zerbitzuaren defizita beteta, orain baliabide gehigarriak izango ditugu birziklatzeari eta txakurren gorotzak biltzeari buruzko kontzientziazioa lantzeko; berauen edukitze arduratsu baterako".
Eguneko zentroaren lekualdatzea
EAJren laugarren proposamena da eguneko zentroa San Roke kalera –udaletxearen alboko etxebizitzara– lekualdatzeko lehen pausoak ematea da. "Proposamen hori Udal Gobernutik atera zen, baina uste dugu ez dela ganoraz lantzen ari. Edozelan ere, gure taldea tematia izango da proiektu honek aurrera egin dezan kokapen bikaina duelako, aukera anitzak eskaintzen dituelako eta eskolatik gertu dagoelako. Azken honek belaunaldi arteko proiektu aitzindariak martxan jartzea ahalbidetuko luke eta Elgeta tokiko zaintzen ekosistemen erreferente bihurtzea".
Jeltzaleek jakinarazi dute helarazi dizkiotela proposamenak EH Bilduko Udal Gobernuari. Laka ziurtatu du "zorrotzak" izango dira koalizio abertzalearekin negoziatzeko orduan, "aurrekoaren eskarmentua gogoan dutelako". Honela azaldu du Laka: "Aurtengo aurrekontuetan, gure zuzenketak iazko soberakinarekin negoziatzea adostu genuen, baina ez da horrelakorik gertatu. Ez dute emandako berba bete eta, horregatik, oraingoan gure proposamenetako batzuk aurrekontu-partidetan txertatzea exijituko dugu, gurekin elkarlanean aritu nahi badute behintzat".