Hiru ekintza dituen Aste Berdea, astelehenean hasita

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko abe. 6a, 11:42

Bigarren eskuko mozorro azoka, iaz, plazan.

Argazki erakusketa batekin zabaldu du Udalak Aste Berdea astelehenean, eta bigarren eskuko azokarekin emango diote itxiera barikuan.

"Gabonak ate joka ditugun honetan, Aste Berdea antolatu dugu Elgetako Udaletik. Kontsumo ohituren inguruan hausnartu eta berauetan eragiteko une aproposa dela uste dugu", azaldu du Ingurumen saileko buru Miren Ibarbiak. "Elgetako Udalak konpromiso irmoa du trantsizio ekosozialarekin. Hori horrela, aste Berde honetan, hondakinen gaiari heldu nahi diogu. Hondakinak "murriztu, berrerabili eta birziklatu" filosofiarekin bat gatoz".

Argazki erakusketa

Argazki erakusketa batekin zabalduko dute Aste Berdea, astelehenean. Buztin gelan izango da ikusgai, domekara arte, eta hondakinak ondo sailkatzeko gomendioak eta herriko hondakin-guneetan gaizki egindako sailkatzeak ikusi ahalko dira.

"Edukiontzi bidezko gaikako bilketa sistema daukagu herrian. Poliki poliki, bilketa datuak beheranzko joera hartu dute eta udaz geroztik ez gara %70eko birziklapen tasara heltzen. Egoera irauli beharra daukagu, eta horretarako praktika onak bultzatu behar ditugu. Hondakinak gaika birziklatu behar ditugu, eta edukiontziak eta edukiontzi guneak behar bezala erabili. Tamalez, sarri ikusi behar izaten ditugu gure edukiontzi guneak egoera tamalgarrian. Poltsak kanpoan utzita, hondakinak bereizi gabe lurrean botata, traste zaharrak edozein egunetan eta modutan aterata... Egoera honen berri eman eta arazoaren dimentsioa herritarrei ezagutarazteko, argazki erakusketa bat jarriko dugu astean zehar buztin gelan".

Apaingarri jasangarriak

Bigarren ekintza Maala guraso elkartearen eskutik etorriko da, eta Gabonetan apaingarri jasangarriak egiteko eskulan tailerra izango da. Eskolako ganbaran da hitzordua, eguenean, 16:30ean.

Bigarren eskuko azoka

Hirugarren eta azken ekintza bigarren eskuko azoka izango da. Barikurako iragarri dute, 17:30etik 19:30era. Interesatuek mahaia eskatu behar dute udaletxean. "Askotan, behar ez ditugun eta etorkizunean erabiliko ez ditugun gauzak erosten ditugu. Erosketak egiterakoan, erosiko dugun hori benetan behar dugun hausnartzera eta bertakoaren aldeko apustua
egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak". Bestetik, "sarri, ez dugu daukagun materiala erabiltzen. Kutxa itxietan dugun horri bizia eman nahi diogu. Horretarako, bigarren eskuko azoka antolatu dugu (...) Bertan, erabiltzen ez duguna kalera ateratzeko aukera izango dugu: liburuak, izarak, arropa, etxetresnak, bizikletak, altzariak, jostailuak... Bakoitzak erabakiko du saldu, oparitu edota trukatu nahi duen".

Hainbat mahai egongo dira azokan. Mahaia behar dutenek udaletxean eman behar dute izena, udaletxera bertaratuz, 943 76 80 22 telefonora deituz edo udala@elgeta.eus helbide elektronikoa erabiliz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak