Indarkeria matxisten aurrean erantzun kolektiborako deia

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko aza. 22a, 12:00

Iaz Elgetan egindako manifestazioa.

Amantalak talde feministak umeendako tailerra egingo du gaur 18:00etan; asteleheneko elkarretaratzea 19:30ean izango da Konponbidea ez bazara, arazoa zara lelopean.

Emakumeen kontrako indarkeria fisikoak zein fisikotik igarotzen ez diren eta askotarikoak diren beste indarkeria mota guztiak salatuko dituzte egunotan Elgetan ere. "Ekintzak gaur bertan hasiko dira", azaldu dute Amantalak talde feministakoek. "Sentsibilizazio eta eskulan tailerra egingo dugu ludoteka atarian. Umeei zuzendutako tailerra izango da, baina helduak ere etor daitezke, noski", esan dute. 18:00etan hasiko da tailerra.

Elkarretaratzea astelehenean

Astelehena da aurten Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Elgetako elkarretaratzea 19:30erako deitu dute, Udalak eta Amantalak talde feministak. Kontzentrazioa Mendizaleen plazan egingo dute.

2003a ezkero, indarkeria matxistak 124 emakumeren eta hamabi umeren heriotza eragin du Euskal Herrian. Datuak ez dira itxaropentsuak; komisarietan eta arreta zentroetan artatzen diren kasuak gero eta gehiago dira, eta indarkeria motak askotarikoak.

Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako telefono bidezko arreta zerbitzua urteko 365 egunetan eta egunean 24 orduz dago erabilgarri. Telefono-zenbakia hau da: 900 84 01 11.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak