Tagoro zentroan harrera oso ona egin dietela adierazi du Iratxe Bravok Valentziatik. "Ez genekien oso ondo zein izango zen egoera, eta berandu iritsi ginen gauean. Hala eta guztiz ere, afaria eta logela eman zizkiguten", esan du Bravok.
Gaur goizean, burdinazko kontainer bat margotzen jarri dituzten. "Zelaiak harriz eta lokatzez beteta daude, lursailak mugatzen zituzten hormak jausita daude, eta animaliendako burdinazko kontainer handiak jarri dituzte. Gorriak dira eta bero handia pilatzen da. Zuriz margotzen ari gara, tenperatura hainbeste ez igotzeko".
Langabezian dago Jaio eta jaiegunak ditu Bravok. "Hemen badago zer egina, eta, aukera dugunez, bertan geldituko gara bost egunez, ahal dugun neurrian laguntzeko. Gaur arratsaldeko plana da zelaietan dauden harriak kentzea, animaliak kanpora atera ahal izateko. Lagun kuadrilla handia da etortzekoa, eta gu ere gehitu egingo gara".
Tagoro zentroan "oso eskertuta"
Valentziara abiatu aurretik, Tagoro zentroko arduradunekin kontaktuan zeuden Jaio eta Bravo. "Oso ondo hartu gaituzte, eta ekarri dugun materiala behar dute. Animalia zaurituak erreskatatzen jarraitzen dute hemen; izan ere, milaka animalia hilda daude zelaietan. Ikusi dugu zaldi bat hainbat egunetan triparaino lokatzetan sartuta egon dena... Lanik ez da falta hemen".
Astebete eskasean batutako materialarekin joan dira Valentziara. "Batu ditugu animaliendako janaria eta botikak, bi ur-ponpa, garbiketa-lanetarako erratzak, palak, eskularruak eta trapuak... Jendeak ondo erantzun du", esan du. Valentziako Tagoro zentroan da dagoeneko materiala. Atzo goizean deskargatu zuten.
Bilketarekin jarraituko dute
Egoera zein den bertatik bertara ikusi ondoren, Tagoro zentroan zein materiala behar duten zehatzago jakingo dute Bravok eta Jaiok. "Elkartasun bilketarekin jarraitzeko asmoa dugu. Uste dugu hori izango dela aurrerantzean laguntzeko modurik eraginkorrena: materiala batzea eta bidaltzea". Bilketa moduak antolatu bezain pronto emango dute horren berri.