"Pandemian hasi ginen elkarrekin abesten. Ederrek perkusioa jotzen du hainbat taldetan, eta ni abesbatzetan eta ahots taldeetan ibili izan naiz beti. Pandemian, ordea, gure errepertorioa egiten hasi ginen. Ordutik, pop-rock-folk bertsio akustikoak egiten ditugu, bi ahotsetara. Gure bertsioak dira. Ahotsei garrantzi handia ematen diegu", azaltzen du Inma Rafaelek.
Kontzertu intimoa
Ozkarbiko kontzertua gitarrarekin eta kaxoiarekin egingo dute. "Kontzertu intimoa izango da. Kanturen batean edo bestean baxua ere erabiliko dugu, baina bi ahotsek izango dute protagonismo nagusia".
Zer-nolako errepertorioa eskainiko duten galdetuta, The Beatles, Bob Dylan, The Cranberries, Dolly Parton, Adele, Izaro, Tahures Zurdos, Morgan, Zea Mays, Gari, Itoiz eta Hertzainak aipatu ditu Rafaelek. "Ingelesezko folk eta pop taldeen bertsioak egiten hasi ginen, baina azken hilabeteetan euskarazko kantuak ere sartu ditugu gure errepertorioan", gehitu du.
Ozkarbin jotzearekin pozik
Eskertuta daude Ozkarbi elkarteak kontzertua emateko egindako proposamenarekin. "Oso pozik hartu genuen eskaintza. Urte eta erdi inguru da Elgetara bizi izatera etorri ginela, eta harrera oso ona egin digute bai gurasooi bai umeei. Lagun taldea ere osatu dugu, eta lagun horietako hainbat daude orain Ozkarbi elkarteko zuzendaritzan. Proposamen horrekin, egia esan, herriko parte garela sentitzen dugu".
Kontzertua 19:30ean hasiko da. Sarrera doan da. Ikusi hainbat kantu hemen.